Autogobernua indartzearen alde egin du Pradalesek, Intxortan

Kezka agertu du Europako «desegonkortasun» giroarengatik, eta kultura demokratikoan sakondu beharraz ohartarazi.

EAJren ekitaldia Intxortan. JOSE IGNACIO UNANUE
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, erdian, 'Intxortako Atea' eskulturaren alboan. JOSE IGNACIO UNANUE
2024ko martxoaren 30a
15:45
Entzun

Autogobernua indartzea eta kultura demokratikoa sustatzea defendatu du Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak Elgetan (Gipuzkoa), Intxortako batailan hildakoen omenez eraikitako Intxortako Atea eskulturaren alboan. 36ko gerran lubakiak zeuden tokietako batean eraiki zen eskultura hura, eta Pradalesek gudari abertzaleen borroka ekarri zuen gogora, «demokraziaren eta askatasunaren alde» borrokatu zirelako, eta «tropa frankisten aurrerapena geldiarazi».

Intxortako batailaren 88. urtemuga baliatu du Pradalesek gogora ekartzeko «demokrazia eta ongizatea» ezin direla ulertu «bakea, askatasuna, berdintasuna eta justizia sozialaren aldeko balio garrantzitsuak defendatzeko egin zen borroka hura gabe». Lortutako eskubide horiek mehatxatuta ikusten ditu Pradalesek, Europan nabari den «populismo eta ezegonkortasun» giroarengatik. Horregatik uste du garrantzitsua dela autogobernua indartzea eta kultura demokratikoa sustatzea: «Demokrazia gehiago, horixe da demokraziak dituen erronketarako irtenbidea, ezinbestean. Ongizatearen gizartea indartzea: osasuna, hezkuntza, segurtasuna eta erkidegoaren elkartasuna. Beharrezko dugu herritarrek kultura demokratiko sakona izatea, bai eta hezkuntza demokratiko zabalagoa ere. Erakundeetan ere behar dira gardentasunean oinarritutako erakunde publikoak, gure autogobernu sisteman sakonduta eta euskal erakunde sistemaren konfiantza handiagoa eraginda».

Ekitaldian alboan izan ditu Eusko Legebiltzarreko apirilaren 21eko bozetarako EAJren Arabako zerrendaburua, hau da, Joseba Diez Antxustegi, eta Gipuzkoakoa, Bakartxo Tejeria, beste hainbat zerrendakidez lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.