Andoni Ortuzar EAJko buruaren esanetan, bilera "baikorra" izan da, "formetan eta edukietan". Azpimarratu du "irekia" eta "eraikitzailea" izan dela Ahal Dugu-k erakutsi duen jarrera. Ortuzarren iritziz, bi alderdien artean badago akordiorako "adostasun nahikoa" estatus politikoa berritzeko oinarriei dagokienez, eta garrantzia eman dio legegintzaldia amaitu artean "hitz egiten jarraitzeko konpromisoa" hartu izanari. EAJk uste du EH Bildurekin, PSErekin eta Ahal Dugu-rekin badagoela "zoru nahikoa" gutxieneko akordio batera iristeko, eta iragarri du horretan ahaleginduko dela agintaldia amaitu aurretik.
Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Nagua Albak ere adierazi du egokia izan dela bileraren giroa: "errespetuzkoa" eta "pisu handiko bi alderdiren artean normaltasunez" egina. Albak azaldu duenez, Ahal Dugu-k ontzat jotzen du EAJren proposamenean eskubide historikoei egiten zaien aipua, baina beste bi ardatzen inguruan eraiki behar da "euskal gizartearen etorkizuna", haren iritziz: "herritartasuna" eta "inklusioa". Hala, uste du erabakitzeko eskubidea gizarteari "eragiten dion gai guztiei" hedatu beharrekoa dela, eta ez "arlo bakarrari" lotzekoa.
Bileran izan dira, EAJren aldetik, Andoni Ortuzar, Jone Berriozabal, Iñigo Iturrate eta Joseba Egibar; Ahal Dugu-ren aldetik, berriz, Nagua Alba, Lander Martinez, Vanesa Baños eta Sergio Campo.
EAJ maiatzaren 6an bildu zen PSE, PP eta UPDko ordezkariekin. EH Bildurekin ez du bilerarik egin oraindik. Ortuzarrek argitu du, Asier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkidearen eta koalizioaren "baldintzak direnak direla", Arraizen epaiketa gogora ekarriz. Hala ere, bilera hori egingo dela espero du.