Autonomien estatuari eutsiko dio Rajoyk

«Euskal nazioa» aitortuko duen estatus politiko berria aldarrikatu du Urkulluk Aberri Egunean

Iruñeko martxa, igandean. J.M / ARP.
Erredakzioa
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Autonomien Estatuari eutsi nahi dio Espainiako Gobernuak. Ez du estatu ereduan erreformarik egiteko asmorik, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak argi esan duenez. Haren arabera, autonomien estatuak «ongi» funtzionatu du azken urteetan, Espainiak EAEren «autogobernu mailarik handiena» bermatu du, eta, beraz, ez dago zertan aldatu.

Modu horretan erantzun dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den igandean Aberri Eguneko ospakizunetan esandakoari. Lehendakariak adierazi zuen autonomien estatuak «huts egin» duela, eta garaia dela «euskal nazioa» aitortuko duen estatus politiko berri bat lortzeko. Rajoyk, ordea, ateak itxi dizkio esparru politikoan bide berriak zabaltzeari. RNE Espainiako irrati katean erantzun die lehendakariaren adierazpenei. «Historia ikertzen den moduan ikertzen dela, Euskadik ez du inoiz izan horrenbesteko autogobernu maila».

Urkulluk autogobernuan «sakontzeko» garaia dela aldarrikatu zuen herenegun Bilbon, Plaza Barrian egindako ekitaldian. Eta «itxaropena» agertu zuen «ziklo berri honetan» EAErako estatus politiko berri bat lortzeko. «Nazio gisa askatasuna da gure erronka, herritar askeen Euskadi aske bat», adierazi zuen. Europa «nazioaniztunera» igarotzeko asmoa agertu zuen, halaber.

Iruñean, alderdiei deia

Independentistak sareak, berriz, «autonomismoa gainditu» eta Euskal Herriaren independentziaren aldeko urratsak egiteko deia egin zuen Aberri Egunean, Iruñean. Mezu zehatza eman zuen Txutxi Ariznabarretak manifestazioaren hasieran: «XXI. mendean independentzia da alternatiba bakarra Euskal Herriarentzat». Izan ere, haren ustez,aurreko mendeko «posibilismo autonomistek» ez dute balio. Hala, alderdiei «joko taktikoetan eta interes alderdikoietan trabatuta» egoteari utzi eta «etorkizunera» begiratzeko eskatu zien, independentziaren aldeko pausoak «lehenbailehen» eman ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.