2003. URTEA
Otsailak 20. Euskaldunon Egunkaria euskarazko kazeta itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, operazioa ETArekin lotuta.
Urriak 16. Auziko bigarren operazioa izan zen. Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.
Urriak 20. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatu zuten, Etxeberria epaitegian zegoela.
Urriak 21. Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik gabe libre geratu ziren. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. Denak inkomunikatuta eduki zituzten.
2007. URTEA
Martxoak 29. Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deitu zituzten.
Azaroak 28. Epaiketa egitea erabaki zuen Del Olmok, prozedura laburtuaren bidez.
2009. URTEA
Maiatzak 13. Hiru inputaturi auzi ekonomikoaz lehen aldiz deklarazioa hartu ondoren —Torrealdai, Uria eta Auzmendiri—, auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.
Abenduak 15. Egunkaria-ko auzi nagusiko epaiketaren hasiera, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Abenduak 19. Egunkaria auziaren aurkako manifestazio jendetsua egin zen Bilbon.
2010. URTEA
Apirilak 12. Auzi nagusiko epaia: Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez zegoela ebatzita.
Maiatzak 5. Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileak jakinarazi zuen auzitegi horrek ez zuela auzi ekonomikoaren epaiketa egingo, eta Donostiako Zigor Auzitegira igorriko zutela. Auzi nagusiko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian “delitu terroristaren” zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, “ohiko delitua”.
2011. URTEA
Abenduak 26. Dignidad y Justicia elkartea auzi ekonomikotik kanpo utzi zuen Auzitegi Nazionalak.
2014. URTEA
Apirilak 7. Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten Donostian, Zigor Auzitegian. Auzia artxibatzeko eskatu zuten zortzi auzipetuen defentsek, ustezko delituak preskribatuta zeudela argudiatuta. Aldiz, zigor eskaerei eutsi zien fiskaltzak, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen.
Maiatzak 23. Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak auto batean jakinarazi zuen auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuela, ustezko delituen preskripzioagatik (ekainaren 4an jakin zen albistea). Fiskaltzak helegitea aurkezteko aukera zeukan.
Ekainak 11. Auzi ekonomikoa preskribatuta ez dagoelakoan, Gipuzkoako Fiskaltzak kasua ixtearen aurkako helegitea aurkeztu zuen (ekainaren 17an jakin zen berria). Auzia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren esku geratu zen. Defentsak helegitea inpugnatu zuen ekainaren bukaeran.
Ekainak 19. Auzipetuek auzi ekonomikoko fiskaltzaren jarrera salatu zuten, eta "bultzada politikoa eta atzerabidea" zeudela ohartarazi.
Irailak 18. Eragile eta herritarren ordezkaritza zabalak epaiketarik ez egiteko eskatu zuen Donostian egindako elkarretaratze batean.
Irailak 19. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioa kasua aztertzen hasi zen. Mahai gainean zituen Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epailearen artxibo erabakia, fiskaltzaren helegitea eta honekiko defentsaren inpugnazioa.
Urriak 14.Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioak behin betiko itxi zuen auzi ekonomikoa, Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epailearen erabakia berretsita: ustezko delituak preskribatutzat jo zituen, aho batez. Orduan bukatu zen, beraz, Egunkaria auzia –aurrez, 2010ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak itxiera kasuko epaiketan absoluzioa eman zuen—.
Urriak 17.Egunkaria auzian auzipetu eta inputatu izan zirenek eskertza ekitaldia egin zuten Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, auzia bukatu zela eta. Eskerrak eman zizkieten defentsa abokatuei, Euskal Herriko gizarteari eta Kataluniakoari, 11 urtean emandako babesagatik. Halaber, gertatutako erasoa ez ahazteko eskatu zuten, eta “memoria aktiboa” izateko aurrerantzean. Gogoratu zuten Espainiako Estatuaren aldetik ez dutela kalteordainik eta barkamen eskaerarik jaso.