Uztail hasieran, Basusarrin (Lapurdi) jarduten duen osteopata eta kinesiologo bat atxilotu zuen Frantziako Poliziak, hainbat pazienteren kontrako sexu erasoak leporatuta. Zehazki, sei salaketa daude haren kontra: bat bortxaketarekin lotua, eta gainerakoak sexu erasoekin lotuak. Atxiloalditik behin-behinean libre gelditu zen «osasun arrazoiengatik», baina, jakinarazi dutenez, uztailaren 13tik kontrol judizialpean ezarri dute. Hots, auzibidea ireki diote.
Gizonezkoaren kontsultara joan ziren hainbat emakumeren lekukotasunak bildu zituen Ici Pays Basque irratiak, hilaren hasieran. Kontatu dute hasieran ukitu medikoak egiten zituela, baina pixkanaka parte intimoak ukitzen hasten zela, pazienteak hipnosi egoeran zeudela baliatuta.Â
Gaur egun osteopatian ari bada ere, politika eta kirol munduan jardun izan du gizonezkoak. 2015 inguruan Batasun Nazionaleko hautetsi izan zen Frantziako Niza hirian, eta errugbilari eta errugbi talde bateko buru ere izan zen.
Uztailaren 6ko lehen atxiloalditik landa, libre atera zen behin-behinean, eta, berriz atxilotu zuten handik gutira. Galdeketa egin diote jendarmeek geroztik, eta kontrol judizialak indarrean dirau.

