«Bide demokratikoen aldeko apustua eta Euskal Herriak bizi duen aro politiko berria» izango dira, Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatuko duten Bateragune auziko epaiketaren barruan, bihar epailearen aurrera eramango dituztenak. Hala adierazi du Miren Legorburu ezker abertzaleko kideak. Izan ere, zortzi auzipetuek fase politiko berriaren garapenean «ardura berezia» izan dutela eta «ekarpen politiko zein teoriko oso garrantzitsuak» egin dituztela nabarmendu du. Dena den, epaiketa horrek ez duela bide baketsu eta demokratikoen alde eginiko apustua zapuztuko ohartarazi du Legorburuk.
Bateragune auziko epaiketaren atarian, prentsaurrekoa egin zuen atzo ezker abertzaleak, Donostian. Legorburuk hartu zuen hitza, euskaraz; Aitor Bezares Arabako biltzarkide ohiak, aldiz, gazteleraz egin zuen. Gainera, Tasio Erkiziaz eta Niko Morenoz gain, bertan izan ziren aske dauden lau auzipetuak: Rafa Diez, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra. Behin-behinean espetxeratuta dauden Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez auzipetuak agurtuz hasi zuten agerraldia.
2009ko urrian egin zuten ezker abertzaleko zortzi kideen aurkako polizia operazioa. Ordutik igaro diren hilabeteetan, ordea, ezker abertzalearen apustua «irmoa» dela erakutsi dute, iritzi dio Legorburuk: «Erasoak eraso, apustuak ez du atzerakorik, eta euskal jendartearekiko zein nazioartearekiko harturiko konpromisoak ez dira aldatuko». Izan ere, Zutik Euskal Herria agiria ondorio izan zuen eztabaida «aurrekaririk gabekoa» izan zela oroitarazi du.
Erabakiaren helburua «blokeoaren eta konfrontazioaren espirala haustea» dela ziurtatu du, baina asmo hori oztopatu nahi izatea leporatu dio Espainiari. Hortaz, aro politiko berriaz gain, epaitua «Euskal Herrian ireki den fase politiko berriari aurre egiteko, Espainiako sistema politikoaren gaitasun eza» izango dela erantsi du.
Legorburuk «irekitako fasearekin bat egin dezan eta ekarpen eraikitzailea egin diezaion» eskatu dio Espainiari. Baketzean trabarik ez jartzea galdegin du Legorburuk, «belaunaldi berriek ez dezaten indarkeriarik, errepresiorik ez eta eskubide urraketarik ezagutu, eta proiektu politikoak inolako hipotekarik gabe eta aukera berdintasunean garatzeko aukera izan dezaten».
Ekimen ugari epaituen alde
Ezker abertzaleak txalotu egin ditu Bateragune auziaren karietara Eleak mugimenduak deituriko mobilizazioak, eta horietan «masiboki» parte hartzera deitu ditu herritarrak. 2009ko urrian, polizia operazioa jazo zenean, herritarrek operazioaren xedea «oso ongi» ulertu zutela azaldu du Legorburuk, eta operazioari emandako erantzun «zabala»oroitarazi du. Orain, erantzun hori errepikatzearen aldekoa da: «Garatzen ari garen apustu politikoaren tamainako erantzuna izan behar du. Parez pare daukagun aukera historikoa baliatzeko dugun arduraren tamainako erantzuna izan behar du».
Eleak-ek deitutako ekimenekin bat egin dutenen zerrenda handituz doa. Ezker abertzaleaz gain, Bilduk, Etxerat-ek, Askatasunak, Giza Eskubideen Behatokiak, LABek, Bilgune Feministak, Gazte Independentistek, Sare Antifaxistak eta beste hainbat eragilek atxikimendua adierazi diote bihar Bilbon egingo duten elkarretaratzeari. Horien iritziz, ez da «epaiketetarako» unea, «konponbiderako eta eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzekoa» baizik.
Eleak-ek Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean deitu ditu elkarretaratzeak bihar. 19:30ean izango dira. Uztailaren 2an, nazio manifestazioa antolatu dute Donostian, Epaiketa politikorik ez. Aterabideak aurrera! lelopean, eta ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitartean, mobilizazioiraunkorra egingo dute Donostiako Zuloaga plazan, ekitaldi politikoak jarduera ugarirekin lagunduta.
Auzipetua «aro politikoa» dela uste du ezker abertzaleak
Bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustua berretsi du Miren Legorburuk, 'Bateragune auziaren' epaiketaren atarian Eleak-ek deitutako mobilizazioak txalotu, eta haiekin bat egiteko eskatu die herritarrei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu