Frantziako eskola publikoko eredu elebidunetan diharduten guraso elkarteen topagunea da Flarep; hiru eguneko topaketak egin berri dituzte Ipar Euskal Herrian. Atzo bukatu zituzten lanen balorazioa egin du Thierry Delobel elkarteko presidenteak.
Hiru eguneko topaketak egin dituzue Ipar Euskal Herrian. Zein da lan horren emaitza?
Elebitasuna ukan dugu hizpide, hainbat ildotik azterturik. Hizkuntza adituak gomitatu genituen eta, ororen buru, hainbat «mito» hautsi dituzte, hala nola ez dagoela elebidun osorik, edo batzuetan gaika garatzen dela elebitasuna, arlo horietan pertsonak duen ohitura eta gaitasunen arabera. Laurent Bajo irakasleak elebitasuna eta eskolaren arrakasta ukan zituen hizpide. Hark errandakoak gure hautuetan indartu gaitu.
Zer erran nahi du horrek?
Azaldu zuen kantitateak ez duela zerikusirik kalitatearekin. Murgiltze eredua aztertu zuen; ikus daiteke horrek ere ez duela bermatzen haurra elebidun osoa izatea. Azken batean, egunerokoan ikus dezakegunaren isla da. Pasa dezakegu egunaren parte handiena norbaitekin, baina horrek ez gaitu gehiago hurbilduko halabeharrez. Kontaktua kalitatezkoa delarik sortzen da hurbiltasuna.
Euskararen familia transmisioa hautsia delarik eta eskolak bete behar duelarik funtzio hori, hobe izanen da emendatzea euskarazko oren kopurua,ez?
Bai, bistan dena, baina erran nahi dut ez dagoela horren menpe. Eredu indartuak aipatu dituzu, baina gogoratu nahi dut [Nicolas] Sarkozyren garaian baliabide anitz kendu zizkiotela eskola publikoari: irakasleak kendu zituzten, eskolak itxi, haurrak metatu. Baldintza horietan kalitatea dago jokoan. Horren ondorioz, irakasleak gurasoen kontra mintzatzen ikusi ditugu, eskola bat bertze baten aurka. Ez da on. Frantziako Hezkuntzak zuzeneko erantzukizuna dauka. Gobernu berriak dio baliabide gehiago egonen direla. Denbora berean, akademia ikuskariak erran du etorkizunean arazoak egon daitezkeela euskara irakasleak aurkitzeko edo, bederen, gai batzuk euskaraz emateko gaitasuna ukanen duten irakasleak kontratatzeko.
Preseski, irakasleak hartzeko zailtasunak egon daitezkeela onartu du akademia ikuskariak. Alta,eskaintzen diren postuak betetzen dira beti. Zer adierazten du horrek?
Beharrei eta baliabideei buruzko komunikazio argiagoa beharko genuke, hasteko. Euskararen Erakunde Publikoak komunikatzen du horren inguruan, baina ez du irakasleak esleitzeko eskumenik. EEPk bere lana egin beharko luke eta akademia ikuskariak, berdin. Ondoko urteei begira, EEPk irakasleen gaitasunari buruzko inkesta egin beharko luke, ikusteko nor den gai eskolak emateko euskaraz, eta argitzeko zein arlotan dauden beharrak. Inkestak erakusten badu irakasleak lortzeko arazoak daudela, akademia ikuskariak prestakuntza planak onartu beharko lituzke eta, horrez gain, irakasle berriak kontratatzeko tenorean, eskaintza zabaldu beharko litzateke. Osasuna bezalakoa da hezkuntza. Erietxe batean sendagilerik ez balego, ez litzateke erietxe publikoa. Gauza bera gertatzen da eskolarekin.
Berrikitan eskola sartzeko datuak eman dituzte, eta nabarmendu ikasle galera handia dagoela lehen mailatik bigarrenera. Bereziki, eskola publikoan. Ez ote dago horren oinarrian lehen mailako ikasleen euskara maila apalegia?
Eskola publiko elebidunak ikasle kopuru handia erakartzen du. 2004an bezala, erraten badigute ez dagoela baliabiderik, auzitara joko dugu. Frantziako Hezkuntza haren erantzukizunen aitzinean ezarriko dugu. Irakasleen prestakuntzaa eta adjudikazioa haren ardura da. Enpresa batek ez balu bermatuko kalitatezko emaitzarik, zuzendariak kanporatuko lituzkete. Bretainian, adibidez, eskualdeek parte har dezakete irakasleen prestakuntzaren finantzaketan. Postua dutenek erabaki dezakete prestakuntza egitea, eta eskualdeak ordaintzen du hilabete sariarekiko tartea. Bi urtean 10.000 euroko laguntza eman diezaiokete irakasleari. Bestalde, aipatu duzun inkesta horren prozedura ere ez da zuzena izan. Ikastetxe batzuetan guraso edo ikasle bakar batek erantzun du, eta ez zaie eskatu bertzeei. Euskara zailegia dela badiote, EEPk eta Frantziako Hezkuntzak haien ardurak hartu beharko dituzte. Haiek gidatzen dute hizkuntza politikaren ontzia, eta haiena da ardura.
Thierry Delobel. Falrep elkarteko presidentea
«Auzitara joko dugu, 2004an bezala baliabiderik ez dagoela badiote»
Frantziako eskola publikoan eskualdeetako hizkuntzak sartzeko lanean ari da Flarep elkartea, eta Ipar Euskal Herrian bildu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu