sortu-ren erregistroa

Auzitegi Gorena hasi da Sortu aztertzen

Hamasei magistratuek goizeko hamarretan ekin diote ezker abertzaleko alderdi politiko berriaren alegazioak aztertzeari. Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak sartu dituzte haren aurkako inpugnazioak.

2011ko martxoaren 16a
16:14
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko Salako hamasei magistratuak gaur goizean hasi dira Sortu ezker abertzaleko alderdi politiko berriaren alegazioak aztertzen, Efe berri agentziak dioenez. Hamarretan ekin diote bilerari. Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak sartu dituzte Sorturen aurkako inpugnazioak, Batasuna legez kanpoko erakundearen jarraipena delakoan. Defentsak Gorenari eskatu dio ez ditzala kontuan hartu helegiteok eta erregistra dezala alderdia.

Fiskaltzak auzi saioa egiteko galdegin dio Gorenari. Sortuk dio ez dela beharrezkoa.

Sortuk alegazioetan dioenez —atzo aurkeztu zituen abokatu taldeak—, bere estatutuak eraginkorrak dira ETAren indarkeria amai dadin, eta berretsi du alderdiak legezko izateko baldintza denak betetzen dituela.

Erregistrorako pausoak eta hauteskunde epeak

- Espainiako Gobernua

• Barne Ministerioa. Sortu alderdi berriak Espainiako Barne Ministerioaren erregistroan izena eman zuen otsailaren 9an. Ministerioak erregistrorako pausoak moztu egin zituen, eta Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari eman zizkien estatutuak, azter zitzaten.

- Fiskaltza eta Estatuaren abokatua

• Inpugnatu edo ez. Erregistro eskaera Auzitegi Gorenean inpugnatu edo ez erabaki behar zuten. Biek erregistroaren kontrako eskaera aurkeztu zuten.

- Auzitegi Gorena

• Tramitazioa. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak igorritako inpugnazioak jaso ondoren, alegazioak aurkezteko epea ireki zuen Gorenak. Sortuk atzo aurkeztu zituen, eta Gorena gaur hasi da alegazioak aztertzen.

• Auzi saioa. Alde guztiek argudioak azal ditzaten auzi saioa hasiko luke Gorenak.

• Erabakia. Auzi saioa egin eta egun gutxira iritsiko litzateke Gorenaren erabakia. Hauteskunde deialdia baino lehen erabakitzeko denbora dago. Maiatzaren 22an izango dira udal eta foru bozak.

- Hauteskunde epeak

• Alderdien parte-hartzea. Hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko alderdiek eta alderdien arteko koalizioek lehendabizi ordezkari orokor bat izendatu behar dute Hauteskunde Batzorde Zentralaren aurrean. Hauteskunde deialdia egin eta bederatzi egun bete baino lehenago egin behar dute, Hauteskunde Legearen arabera. Ordurako, jakina, alderdiak erregistratuta egon behar du. Udal eta foru bozak 2011n maiatzaren 22an izango direnez, tramite hori martxoaren 29tik apirilaren 6ra bitartean bete beharko da. Alderdi berria hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, apirilaren hasierarako legeztatuta egon beharko da.

• Zerrendak. Deialdia egin eta hamabosgarren egunetik 21. egunera bitartean aurkeztu behar dituzte zerrendak alderdiek, koalizioek edo hautesle elkarteek (apirilaren 13tik 18ra). Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnatu ahal dituzte, eta Auzitegi Gorenari eskatu baliogabetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.