Espainiako Auzitegi Gorenak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri die berriro ere bi gizoni, Hernanin (Gipuzkoa) 2020an beste gizon bat hiltzen saiatzeagatik. Gipuzkoako Auzitegiak ezarri zien zigor hori, 2022an, baina auzipetuek helegitea aurkeztu zuten EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Epaitegi horrek kontuan hartu zuen errekurtsoa, eta absolbitu egin zituen.
2020ko abuztuaren 26an Hernaniko parke batean izandako eztabaida bat izan zen gertaeren abiapuntua. Guztira, bost pertsona inplikatuta egon ziren: biktimaz gain, orain zigortuta dauden bi anaiak, absolbitu duten gizon bat eta adingabe bat.
Lehen epaia 2022ko azaroan eman zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, eta, ebazpen horren arabera, eztabaidan biktimari «ukabilkadak, ostikoak eta bultzadak» eman zizkioten, lubeta batetik trenbidearen ingururaino erortzen ari zela.
Jarraian, biktima altxatu zuten «trenbidera botatzeko asmoz», baina hark aurre egin zien eta berriro lurrera erori zen, irainak eta heriotza mehatxuak jasotzen zituen bitartean. Batzuek eusten zioten bitartean, adingabeak «objektu zorrotz batez sastada bat eman zion ezkerreko saihetsean». Eraso horren ondorioz, biktimak, besteak beste, ezkerreko pneumotorax larria izan zuen, eta saihets hezur bat hautsi zuen.
Absoluzioa
Hasieran, Gipuzkoako Auzitegiak hiru inplikatuak zigortu zituen erailketa saiakera batengatik, baina errekurtsoa jarri zuten EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Auzitegi Nagusiak kargu horretaz absolbitu egin zituen 2023ko martxoan. Hala ere, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zien bi anaiei, lesio delitu larriagotuagatik.
Beste argudio batzuen artean, Justizia Auzitegi Nagusiak bere erabakia arrazoitu zuen esanez Gipuzkoako Auzitegiak bere epaian ez zuela aipatu biktima «hiltzeko asmorik» egon zenik, ezta auzipetutako bi anaiek euren ekintzarekin biktimaren heriotza «eragin» edo «erraztu» zezaketenik ere.
Hala ere, EFEk jaso duenez, oraingo epaian, Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Auzitegi Nagusiaren tesi horren aurka egiten du. Gorenaren arabera, akusatuek gertaera izan zenean «hiltzeko asmoa» izan zutela agerian geratzen da jatorrizko ebazpenean.