Espainiako Auzitegi Gorenean Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) alderdi politikoen erregistroan onartzea edo hura ez legeztatzea aztertzeko auzi saioa egin dute gaur 10:45etik aurrera bi orduz, eta dagoeneko hartu du Gorenak erabakia, aho batez: ez dio ASBri erregistratzen utziko. Hurrengo astean aterako du autoa. Hamasei magistratuk osatzen dute Gorena, Francisco Jose Hernando presidentea buru dutela.
ASBren abokatuek eskatu zuten, hain zuzen, saioa egitea, Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren ez legeztatzeko argudioei aurre egin asmoz, eta Auzitegi Goreneko 61eko salak onartu egin zuen eskaera, apirilaren 24an. Gaurko jarri zuen hitzordua, nahiz eta dagoeneko maiatzaren 27ko udal eta hauteskunde kanpaina hasi den.
Iñigo Iruin ASBren abokatuak auzi saioan esan duenez, alderdiari Barne Ministerioan erregistratzen ez uztea Espainiako Konstituzioaren kontrakoa da, Konstituzioaren arabera alderdi bat "erregistratu ostean bakarrik" utzi daitekeelako legez kanpo.
Horretaz gain, Iruinek esan du ezker abertzaleak "Alderdien Legea bete" duela ASB erregistratzean, legea ez gustatu arren, eta Espainiako Gobernuak egin ziola alderdi berria erregistratzeko eskaera. "Ezker abertzaleak bere bide politikoa egiteko sortu nahi izan du ASB". Hala, alderdia legeztatzeko eskaera egin du Iruinek. ASBk bere estatutuen "bide demokratikoen" aldeko apustua egiten duela-eta, defentsak esan du alderdiaren "apustua poltikoa" dela, "eta gatazka elkarrizketaren eta inolako indarkeriarik gabe gaindituko dela esaten du".
Juan Jose Martin Casallo fiskalak, aldiz, ASBk Alderdien Legeari "iruzur" egin nahi diola adierazi du, "gero AS hautesle elkarteek eta EAE-ANVk egin nahi izan duten bezala. Iruzurraren lehen fasea zen ASBrena".
Ezker abertzaleak sustatuta, orain aste batzuk Madrilera joan ziren hainbat ordezkari ASB Espainiako Barne Ministerioan erregistratu asmoz, baina Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak segituan egin zuten kontra, "Batasunaren oinordekoa" delakoan. Biek lau arrazoi ematen dituzte horretarako: izenean 'batasuna' hitza edukitzea; sortzaileetako bi Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izatea -Joana Regeiro eta Marije Fullaondo-; alderdi berriaren zuzendaritzak Batasunarenak bezala 'Mahai Nazionala' izena edukitzea; eta ASBko zenbait sustatzailek "talde armatuarekin lotura" izatea, hain justu, Fullaondo "talde armatuarekin" lotura izatea egotzita auzipetuta dagoela diote.
Defentsak, lehen aipatutako argudioez gain, esan du 'Batasuna' hitza oso "ohikoa" dela. Hori frogatzeko, hainbat adibide jartzen ditu; esate baterako, Wikipediaren euskarazko bertsioan 'batasuna' jarrita agertzen diren termino batzuk, alderdien izenak tarteko.
ASB alderdiaren sortzaileen inguruan defentsak dio Fullaondok, Regeirok eta Tomasa Alejandrok "eskubide osoa" dutela alderdi berri bat sortzeko. Hori frogatzeko, Konstituzionalak 2003an kaleratutako epaia, Espainiako Fiskal Nagusi Candido Conde Pumpidok iazko urtarrilean Auzitegi Nazionalari igorritako idatzia, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek 'ezker abertzalea' terminoaren inguruan osatutako autoa aipatzen ditu.
ASBren zuzendaritzak 'Mahai Nazionala' izena edukitzea ere ez da Batasunaren jarraipena dela argudiatzeko arrazoia, defentsaren iritzian. Besteak beste, Coalicion Canariaren eta Mesa Nacional Falangistaren zuzendaritzek ere izen bera dutela dio, eta alderdi horien guztien estatutuak eskatu ditu.
Auzitegi Gorenak ez dio ASBri erregistratzen utziko
Auzi saioa egin dute goizean, defentsak eskatuta, eta segituan hartu du Gorenak erabakia, aho batez. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak ez legeztatzeko eskaera egin dute, "Batasunaren oinordekoa" delakoan. Defentsak esan du Espainiako Gobernuak ezker abertzaleari alderdi berria erregistratzeko eskatu ziola eta alderdi bat "erregistratu ostean bakarrik" utzi daitekeela legez kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu