Politika

Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako eskumenak ukatzen dituela salatu du Sortuk

“Estatuaren ofentsiba zentralistaren aurrean”, Nafarroako estatus politikoa eztabaidatzeko beharra azpimarratu du Txelui Morenok.

2014ko uztailaren 18a
11:21
Entzun

Sortuk gaitzetsi du Auzitegi Konstituzionalak nafarren borondate demokratikoa Estatuaren menpe ezartzen duela. Epaitegiak argi indarraren ekoizpenaren gaineko balioaren zerga arautzen zuen Foru Legea indargabetu zuen uztailaren 2an kaleratutako epaian. Madrilgo gobernuak Nafarroan harturiko erabakietan esku hartzeko duen ahalmenenen inguruan polemika sortu du gertakariak.

Sortuko kide Txelui Moreno eta Maitane Intxaurragak gaur Iruñean Espainiako Gobernuaren jarrera irmo gaitzetsi dute: “Ez gaude arazo juridiko edo legearen interpretazio huts baten aurrean, arazo politiko larri baten aurrean baizik”. Era berean, larritzat jo dute Nafarroan erabakitako legeak  “nafarren borondate demokratikoa ordezkatzen ez duten erakundeek kitatzea”.

Sorturen ustez, egoerak argi utzi du Foru Hobekuntza eta ituna Ekonomikoa ez direla bi entitate soberanoren arteko ituna, “Madril eta Iruñeko eliteen arteko hitzarmen baztertzailea baizik”. Izan ere, alderdiaren arabera, Nafarroaren zerga arloko eskumenak, “PPk eta PSOEk hautaturiko Auzitegi Konstituzionalak deuseztatu ditu bere interpretazio ideologikoen arabera”.

Moreno eta Intxaurragak Nafarroako estatus politikoaren inguruko eztabaida zabaltzeko eta Estatuarekiko harremanak erabakitze eskubidean oinarritzeko garaia heldu dela deritzote. Madrilen “erasoen aurrean babesteko eta erronka hau arrakastatsua izan dadin” kalean zein erakundeetan indarrak batzeko deia zabaldu dute.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.