Oihana Mardaras bilbotarraren absoluzio epaiaren xehetasunak plazaratu ditu Europa Press agentziak. Joan den astean utzi zuten libre Mardaras, 2008an PSEko egoitza bati eraso egin ziolakoan epaitu eta absoluzioa emanda.
Ebazpenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak adierazi du Mardarasen kontrako froga nagusia —Ibai Beobidek Poliziaren aurrean eginiko deklarazioa— ezin dela aintzat hartu, deklarazio hori ez baitzuen Beobidek epailearen aurrean berretsi. Halaber, nabarmendu du deklarazioa ez berresteaz gain Beobidek atzera egin zuela eta torturak salatu zituela.
Auzitegiak ebatzi du atxilotutako pertsona bat inkomunikazio aldian dagoenean, bere deklarazioa "behartutako espazio" batean egin dela eta bertan ezin direla prozesu judizialaren bermeak garatu.