Dignidad y Justicia elkarteak salaketa bat aurkeztu zuen Altsasun (Nafarroa) abuztuaren 31n eginiko Ospa Egunaren aurka, baina Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok ebatzi du ekitaldietan ez zela "terrorismoa goratu" edo indarkeriaren biktimak "umiliatu", eta, beraz, ez dagokiola auzitegi horri auzia aztertzea.
Morenok Altsasuko Instrukzio Epaitegiaren esku utzi du, hark ikertu dezan Ospa Egunean "gorroto deliturik" egon ote zen. Izan ere, Ospa Egunaz Guardia Zibilak eginiko txosten baten zenbait eduki jaso ditu Morenok; horren arabera, Altsasun "Guardia Zibileko kideen eta bere senideen aurkako jazarpen historikoa eta etengabea" gauzatzen ari dira urteetan zehar.
Guardia Zibilak berak txostenean erantsi zuen Guardia Zibilaren "erakundea gutxiesten" dutela eta "Ospa mugimendua motore nagusi" bilakatu dela, "gorrotoa sustatuz, ez soilik sare sozialen eta Interneten bidez, baita etengabe pintaketak eginez eta kartelak jarriz".
Horrek guztiak "kolektibo baten oinarrizko eskubideak urratzen" dituela uste du Guardia Zibilak, "bere jarduera pribatua nahiz ibiltzeko askatasuna baldintzatuta" dagoelako.
Abuztuaren 31n egin zuten aurtengo Ospa Eguna, Poliziaren zaintzapean. Debekatu ez, baina Morenok berak agindu zuen ekitaldiak "zaintzeko, ez dadin terrorismoa goratu edo justifikatu, edo biktimak iraindu". Bi egun geroago, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzordeak Ospa Eguna gaitzetsi zuen, nabarmenduz ekitaldi horren helburua dela "gorrotoa sustatzea" Guardia Zibileko kideen eta haien senideen kontra. UPNren idatziarekin bat egin zuen PSNk; kontra bozkatu zuten gainontzeko talde guztiek.