Altsasuko auzia

Auzitegi Nazionalak berretsi egin ditu Altsasuko gazte auzipetuen zigorrak

13 urte arteko zigorrak berretsi ditu apelazio aretoak. Epaiak terrorismo delitua baztertu du, baina autoritatearen kontrako atentatua egotzi die gazteei, "ideologia diskriminazioa" aldagai larrigarriarekin. Iñaki Abaden kasuan, sei urtera murriztu du zigorra. Lehen protesta gaur iluntzean egin dute, Iruñean.

jarraia163705.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko martxoaren 7a
06:11
Entzun

Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak Altsasuko gazte auzipetuei ezarritako zigorrak berretsi ditu, auzitegiak gaur kaleratu duen eta BERRIAk eskuratu duen epaian. 2016ko urrian, bi guardia zibili eta beren bikotekideei eraso egitea egotzita, Auzitegi Nazionaleko lehenengo sekzioak bi eta 13 urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien.

Zigor horiek ontzat jo ditu auzitegiak, epaiari aurkeztutako helegiteak aztertu ondoren. Iñaki Abaden zigorra moldatu du soilik. Sei urtera murriztu du haren kartzela zigorra, aurreko epaian ezarri zitzaion zigorrean berak egin ez zituen ekintzengatik zigortu zutelako.

Bestalde, auzitegiak baztertu egin du gazteek terrorismo delitua egin zutenik. 2016ko urrian, bi guardia zibili eta bere bikotekideei eraso terrorista egin izana leporatzen zieten Fiskaltzak eta Covite ETAren biktima elkarteak. Fiskalak 12 eta 62 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen. Auzitegiak ukatu egin du terrorismo delitua egotzi dakiekeenik. Autoritatearen kotrako atentatua leporatu die epaimahaiak, eta "delitu larrigarritzat" hartu du "ideologia diskriminazioa". Erasoak guardia zibilen autoritate izaerarekin lotuta daudela frogatutzat jo du.

Epaiak jasotzen duenez, ezin da ondorioztatu Altsasuko gazteei leporatzen zaizkien gertakariak terrorismo delitua direnik eta ETAren ideien arabera jardun zutenik, ezin delako "nahitasun" hori frogatu. Apelazio aretoak argudiatu du, besteren artean, auzipetuak adin txikikoak zirela ETAk bere jardun armatua baztertzen zuela iragarri zuenean, eta, beraz, zaila litzatekeela ideia horiei eustea adin horrekin. Auzitegiak baztertu egin du gazteei desordena terroristagatik zigortzea. Adierazi duenez, epaiketan ez da frogatu ETAren babesean aritu zirenik.

Bestalde, epaiak ez dio baliorik aitortu Koxka tabernaren kanpoaldean Iñaki Abadek grabatutako bideoari. Irudi horietan Guardia Zibileko sargentoa ageri da, tabernaren kanpoaldean, alkandora zuri bat soinean duela, inolako urraturik eta orbanik gabe. Auzitegiaren esanetan, bideoak ezin du frogatu sargentuaren "egiazko egoera".

Epaimahaiak baztertu egin ditu Adur Ramirez de Alda gertakarien unean etxean zegoela frogatzeko defentsak aurkeztu dituen argudioak ere. Defentsak nabarmendu du Ramirez de Alda egun horretan jantzi ez zituen arropekin identifikatu zutela zenbait lekukok eta akusazioek. Bere amak 02:30ean etxean zegoela deklaratu zuen. Epaiaren arabera, baina, ezin da ziurtatu etxean zegoenik. Ramirez de Aldaren bizitokia tabernatik gertu dagoenez, auzitegiak ez du baztertzen hark arropaz aldatu izanaren eta Koxka tabernara joan izanaren aukera.

Altsasuko gazteen defentsak auzitan jarri zuen apelazio aretoaren neutraltasuna, joan den urrian. Helegitea aztertzeko ardura izan duen salako hiru epaileetatik bik Guardia Zibilaren aitortza jaso zutela nabarmendu zuen. Bi epaile horiek ezesteko eskaria aurkeztu zuen, eta hura baztertu zuen auzitegiak. Eskari hori egiteagatik, 600 euroko isuna ezarri zieten gazteei.

"Benetan nazkatuta  gaude"

Altsasukoak Aske plataformako kide  Aritz Leoizek ere egin ditu epaiaren inguruko lehen balorazioak: "Benetan nazkatuta gaude", nabarmendu du. Altsasuko herriaren eta espetxeratuta dauden gazteen "erabilera mediatikoa" salatu du, baita epaiaren berri hedabideetatik jaso izana ere: "Albistea ikusi dugunetik Auzitegi Nazionalera deitzen aritu dira gurasoak baina esaten zieten oraindik ez zutela albisterik, eta haiek ez zutela berria flitratu". Hortaz, Auzitegi Nazionalaren epaia "muntaiaren beste pauso" bat dela adierazi du Leoizek.

Gainera, jakinarazi du larunbatean prentsaurrekoa egingo dutela Iruñean datozen hitzordue berri emateko: "Gizarteak erantzun egin behar du. Hau salatzen segitu behar dugu. Kartzelan jarraitzen duten egun bakoitza sekulako bidegabekeria da".

Larunbatean mobilizazio gehiagoren berri emango badute ere, dagoeneko egin dute lehen protesta. Iruñean, 19:30ean, ehunka herritar bildu dira udaletxe aurreko plazan, Altsasuko gazteak aske utz ditzatela eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.