Politika

Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak berriro zabaldu du Beitialarrangoitiaren kontrako auzia

Santiago Pedraz epaileak artxibatu egin zuen Hernaniko alkatearen kontrako auzia. Fiskalak honi "terrorismoa goraipatzea" leporatzen dio presoen alde txaloa eskatzeagatik.

2008ko apirilaren 3a
16:57
Entzun
Nahiz eta Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak artxibatu egin zuen Marian Beitialarrangoitia (EAE-ANV) Hernaniko (Gipuzkoa) alkatearen kontrako auzia, gaur auzitegi bereko Zigor Aretoak berriro ireki egin du, Pedrazen erabakia atzera botata, honek erabakia "goiz" hartu zuela iritzita. Fiskaltzak epaile horren erabakiaren kontrako helegitea sartu zuen, eta auzitegiak aintzat hartu du.

Fiskalaren ustez, Beitialarrangoitiak "terrorismoa goraipatu" zuen presoen alde txaloa eskatzeagatik ekitaldi politiko batean. Gainera, Polizia iraintzeagatik ere auzipetzeko eskatu zuen, "polizia eta errepresio indar guztiei" tortura "modu sistematikoan" erabiltzea egotzi zielako Beitialarrangoitiak, fiskalaren iritziz.

EAE-ANVko hautetsiak urtarrilaren 24an Pedraz epailearen aurrean deklaratu zuen, Madrilen, inputatu gisa, urtarrilaren 12an Iruñean Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko ustezko kideentzat txaloa eskatu zuenean "terrorismoa goraipatzea" egotzita. Pedrazek auzia artxibatzea erabaki zuen, Portu eta Sarasola epaitu gabe daudenez errugabetasun ustea zor zaielako. Fiskalak erantzun zion Porturi eta Sarasolari ETAko kide izatea eta Barajasko atentatuan parte hartzea inputatu izana aski zela Beitialarrangoitiaren adierazpenak delitutzat hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.