Auzitegiak gutun baten itzulpen partzial bati heldu dio Sorzabalen kontrako euroagindua onartzeko

Parisko Dei Auzitegia ez da mamian sartu, eta defentsaren eskaerak aintzat hartu gabe onartu du euroagindua, «auzitegien arteko errespetua» argudiatuta.

Sorzabal iragan maiatzean, Auzitegi Nazionalean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Sorzabal iragan otsailean, Auzitegi Nazionalean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko abenduaren 4a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Parisko Dei Auzitegiak ez du aintzat eduki Iratxe Sorzabal euskal presoak torturapean egindako adierazpenen argudioa, eta, haren kontrako euroagindua onartzeko epaian, adierazi du 1996an Ramon Doral ertzainaren aurkako atentatuan parte hartu izana egozteko eta epaitzeko beste helduleku bat ere badela: eskuizkribu bat. Hala azaldu du Xantiana Cachenault defentsa abokatuak. Epaian azaldu dutenez, Sorzabalek 2001ean, atxilotu ostean, orduko ETAko arduradunei igorritako gutun bat baliagarria izan liteke froga gisa. Parisko Dei Auzitegiak, baina, ez du aintzat hartu aurten Sorzabalek beste auzi batengatik Auzitegi Nazionalean izandako epaiketa batean perituek esandakoa: gutun hura euskaratik gaztelaniara ez zutela osorik itzuli, zati batzuk bakarrik baizik.

Sorzabalek epaiketa hartan esan zuenez, gutun hartan kontatu zuen inkomunikazio aldian Poliziak torturatu eta deklaratzera behartu zuela. Akusazioak galdetu zion ea zergatik jaso zituen eskutitzean deklarazioan esan ez zituen zenbait kontu, eta Sorzabalek erantzun zuen poliziek inkomunikazio aldian kontakizun jakin bat ikastera behartu zutela, baina gero ez ziotela xehetasun guztien inguruan galdetu. «Zerbait ahazten zitzaidala sumatzen nuenean, zeharo beldurtuta begiratzen nien agenteei, zer egingo ote zidaten beldurrez», adierazi zuen otsailean, epaitegian.

Itzulpen partziala

Eskuizkribuak bi zati ditu: defentsaren ikuspegitik, esanarazi zizkiotenak zerrendatzen ditu aurrena, eta horretara behartzeko erabilitako tortura metodoak gero. Euskaraz idatzi zuen. Bada, Iñaki Camino Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko ikerlariak aztertu zuen Poliziak egindako itzulpena, defentsak eskatuta, eta epaiketan esan zuen itzulpenaren maila «ona» zela, baina ez zegoela guztia itzulita. Gutuna baliatu zuten poliziek ere aitortu zuten ez dakitela euskaraz. 

Parisko Dei Auzitegia, baina, ez da argudio horren mamian sartu, «auzitegien arteko elkarren arteko errespetua» arrazoituta. Horrenbestez, defentsak kasazio helegitean, besteak beste, Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorzabal errugabetzat jotzen duen epaia aurkeztuko du. Defentsak espero du hiru hilabeteko epe batean jasotzea kasazio helegitearen erantzuna. 

Sorzabal 2001ean atxilotu zuten, Frantzian. 2022an Espainiaratu zuten. Martuteneko espetxean dago. Euroagindua onartuko balute, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko lukete berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.