Erraustegia

Auzitegiek arrazoia eman diete Intxaurrandieta eta Errazkini

46 milioi euro arteko zigorra eskatzen zuen akusazioak haientzat, errauste planta eraikitzeko kontratua bertan behera uzteagatik. GHK-ko zuzendaritza berriak jarri zuen Errazkin eta Intxaurrandietaren aurkako salaketa joan den urrian. GHK-k esan du bere esku dituen "bitarteko guztiak" erabiliko dituela "kaltea gutxitzeko"

Errazkin eta Intxaurrandieta, apirilean, Azpeitian euren alde ntolatutako ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2018ko urriaren 10a
07:13
Entzun

Duela bost urte, 2013ko azaroan, EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundian zela GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ezeztatu egin zuen Zubietan errauste planta bat eraikitzeko aurreko legealdian buruzagi jeltzaleek hitzartuta utzi zuten kontratua, eta jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin —8,2 milioi ordaindu zizkion GHK-k adjudikazioa zuen enpresa taldeari—. Ingurumen diputatua zen orduan Iñaki Errazkin eta Partzuergoko presidentea Ainhoa Intxaurrandieta.

Donostiako auzitegi batek kontratua bertan behera utzi izana legez kanpokotzat jo ondoren, GHK-ko zuzendaritzak, jeltzale eta sozialisten aldeko botoekin, erabaki zuen Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara eramatea. 46 milioi eurorainoko zigorrak jaso zitzaketen auzipetuek. Biek ala biek aitortu zioten orduan egunkari honi, ez zutela halakorik espero: "Guk hartutako erabaki guztiak eta emandako pauso guztiak juridikoki akasgabeak izan ziren".

Bi buruzagi ohiek apirilean deklaratu zuten Espainiako Kontuen Auzitegian, eta bertan berretsi zuten aurretik esandakoa, alegia, euren alde bozkatu zutenek bazekitela kontratua bertan behera uztea zela euren asmoa, eta bozkatzaileekin hitzartutako kontratua betetzea izan zela Intxaurrandieta eta Errazkinek egin zutena.

GHK-ren erantzuna

Salaketa aurrera eraman duen GHK-k ohar batean adierazi du epaia errespetatzen duela, baina bere esku dauden "bitarteko guztiak" erabiliko dituela "Gipuzkoak berreskuratu dezan EH Bilduko aurreko kudeatzaileek eragindako 45 milioi euroko zorra". Aurreratu du GHK-ko zerbitzu juridikoak aukera guztiak aztertzen ari direla, "interes publikoa babesteko eta eragindako kaltea gutxitzeko", eta gogoratu du EAEko Auzitegi Nagusian prozedura bat irekita dagoela GHK-ko aurreko kudeatzaileen jokabidean irregulartasunak eta botere desbideratzea izan ote ziren ikertzeko eskatuz. Auzitegi Gorenaren oniritziaren zain dago auzibide hori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.