Urriaren 19an egingo dute 2025eko Nafarroako Ikastolen jaia Atarrabian, eta gaur aurkeztu dituzte abestia eta bideoklip ofiziala. «Buruz, bihotzez, oinez!» leloak bilduko ditu herritarrak, eta izen bera du aurtengo abestiak ere. Haur, gazte eta helduak «dantzan jartzeko» asmoa dute abestiaren bidez, eta «auzolana» nabarmendu nahi izan dute hitzetan.
Azaldu dutenez, auzolanari eman nahi izan diote garrantzia, hori baita «ikastolaren motorra». Horregatik, 60 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte abestia grabatzen. Kolaboratzaileen artean daude, besteak beste, ikastolako ikasleak, irakasleak, gurasoak, eta ikastolan ibilitako ikasle eta irakasle ohiak. Horien artean daude, hala nola Anne Lukin (ikasle ohia), Maite Txurruka (ikasle ohia eta irakaslea), Motxila 21eko kide Ainhoa Lizarraga eta Andoni Zilbeti (ikasle ohiak), Ionan Peñalver (ikasle ohia), Julen Leuza (ikasle ohia) Hutsun Txalapartako Mikel Urrutia eta Anai Gambra (ikasle ohiak), Paz de Ziganda ikastolako abesbatza eta Paz de Ziganda Helduen Abesbatza. Horiez gain, Euskal Herriko hainbat abeslariren laguntza ere izan dute; esaterako, hauek aritu dira haiekin batera: Eñaut Elorrieta; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak; Goxua'n Salsa taldeko Claudia Rodriguez, Raimundo el Canastero taldeko Imanol Viñaras, eta Afu taldeko Oihana Fernandez.
Abestiari dagokionez, zera adierazi dute sortzaileek: «Oinez jaiak duen bizitasuna eta indarra azpimarratu nahi izan ditugu abiadura eta erritmo biziak soinu tradizionalekin uztartuz». Hitzak Estitxu Arozenak jarri dizkio. Bideoklipa, berriz, Atarrabiako hainbat txoko esanguratsutan grabatu dute. Besteak beste, Ezkaba txiki mendian eta Arreko Trinitateko zubian.