AVT: "ETAren itxurakeria bat ikusi dugu, beste behin"

Biktimen elkarteak dio ETAk "biktimak umiliatzen" jarraitzen duela gaurko adierazpenarekin. Coviteren ustez, berriz, "bere existentzia justifikatu nahian" ari da ETA.

AVTren ekitaldi bat. Irudian, Angeles Pedraza elkarteko ohorezko presidentea. JUANJO MARTIN / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 3a
10:04
Entzun

ETAren jakinarazpena "itxurakeria" dela adierazi du AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak. Kaleratutako oharrean, AVTk azpimarratu du "biktimak umiliatzen" jarraitzen duela ETAk, eta gaitzetsi egin du agiria Josu Urrutikoetxeak irakurri izana: "Justiziarekin dituen zorrak tarteko, espetxean egon beharko luke".

Halaber, AVTk dio ETAk "faszikuluka" eman duela bere amaieraren berri: "Ez da justiziarekin elkarlanean aritu, ez ditu armak entregatu, eta barkamena ez die biktima guztiei eskatu". Horrez gain, biktimen elkarteak adierazi du "eragindako mina onartzeke" dagoela.

AVTk dei egin dio Espainiako Gobernuari "ETAren propaganda kanpainarekin" amaitu dezan: "Nazioartean onak direla saldu eta Espainia eta Frantzia haien aldarrikapenetara  behartu nahi ditu".

Covitek, berriz, ETAren amaiera "ez duina" izan dela dio: "Uko egin dio bere erantzukizuna hartzeari". Covitek "bere existentzia justifikatu nahian" aritzea leporatu dio ETAri, eta dio "absoluzio historikoaren bila" ari dela. "Kolektibo gisa, errelatoaren batailan engaiatu behar dugu orain, biktimen egian oinarrituta", adierazi du elkarteko bozeramaile batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.