EAJk ekin dio bere zuzendaritza berritzeko prozesuari, eta lehen urratsak herrialde batzarretan egingo dituzte: azaroaren 23an eta 24an aukeratuko dituzte BBB Bizkai Buru Batzar, GBB Gipuzko Buru Batzar, ABB Araba Buru Batzar, NBB Napar Buru Batzar eta IBB Ipar Buru Batzarreko zuzendaritzetako kide berriak. Gaur iragarri dute aukeraketa prozesua hasi dela.
Lehenik, hautagaiak aurkeztu beharko dituzte herrialde batzar bakoitzaren presidente izateko, burukide izateko, herrialde bakoitzeko justizia auzitegirako ordezkari izateko eta herrialde bakoitzak EAJren Aberri Batzarrean izango dituen ahaldunak izateko. Ondoren, lehen itzuli horren ondoriozko hautagai zerrenda orokorrak bozkatu beharko dituzte uri buru batzarrek —herrietako EAJren erakundeek—.
Azkenik, herrialde batzar bana egingo dute Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, eremu bakoitzeko zuzendaritzak izendatzeko. Azaroaren 23an izango dira gehienak; Gipuzkoan, azaroaren 18aren 24aren artean egingo dute.
Herrialdeetako zuzendaritza berriak izendatu ostean, EBB Euskadi Buru Batzarraren txanda izango da. Herenegun egindako Alderdi Egunean eman zuten epeen berri: martxoaren 29an eta 30ean egingo dute Donostian IX. Batzar Nagusia, eta alderdiko presidentea eta zortzi burukide aukeratuko dituzte.
Gaur egun, Andoni Ortuzar da EBBko presidentea, Itxaso Atutxa BBBkoa, Joseba Egibar GBBkoa, Jose Antonio Suso ABBkoa, Unai Hualde NBBkoa eta Peio Etxeleku, berriz, IBBkoa.