Azkar-azkarra berriz ere

2.14 iraun du, orain arteko gutxien. Lagun batek besoan adarkada jaso du, Merkaderesen. Eroriko asko izan da zezenen abiaduraren ondorioz. Bihar azkeneko entzierroa.

2010eko uztailaren 13a
15:03
Entzun
Atzokoa gainditu du sanferminetako gaurko entzierroak abiaduran: atzokoak 2.17 iraun zuen eta gaurkoak 2.14. Historiako errekorra 2.10ean dago. Zezenak -El Pilar ganadutegia- eta mantsoak Udaletxe plazara kasik batera heldu dira, baina handik aurrera zezen gorri bat aurreratu egin da eta Merkaderesko bihurgunean arrisku handia sortzear izan da, bere ezkerretik sartu baita.

Estafeta hasieran zezen beltz bat batu zaio tropelaren aurrealdean, eta egundoko abiadan egin dituzte lehen metroak. Oso lagun gutxik egin dute eremu bat lasterka bi haien aurrean. Korrikalari batek bai, bikain eutsi dio erritmoari eta orekari, eta lasterketa ikusgarria egin du zezen gorriaren adarrek bere bizkarra ukitzen zutela.

Eroriko asko izan da gaurko entzierroan, batik bat abiadurak eraginda. Lagun batek besoan adarkada jaso du, Merkaderesen, baina ez dauka zauria larria. 27 urteko espainiarra da, Madrilgoa. Beste bi lagun eraman dituzte erietxera, kolpeekin: 36 urteko espainiar bat eta 18ko Zangozako bat -bizkarrean du kolpea; Santo Domingon hartu du min-. Lesio arinak dauzkate biok.

Aurtengo entzierroak

- Uztailak 7 (asteazkena). Ganadutegia: PeƱajara / 2.24ko iraupena / Garbia.

- Uztailak 8 (osteguna). Ganadutegia: Cebada Gago. / 3.30 / Bi adarkada.

- Uztailak 9 (ostirala). Ganadutegia: Fuente Ymbro. / 6.23 / Adarkada bat.

- Uztailak 10 (larunbata). Ganadutegia: Dolores Aguirre. / 2.53 / Garbia.

- Uztailak 11 (igandea). Ganadutegia: Miura. / 3.02 / Adarkada bat.

- Uztailak 12 (astelehena). Ganadutegia: Victoriano del Rio. / 2.17 / Garbia.

- Uztailak 13 (asteartea). Ganadutegia: El Pilar. / 2.14 / Adarkada bat.

- Uztailak 14 (asteazkena). Ganadutegia: Jandilla.

Ibilbidea. Santo Domingo, Udaletxe plaza, Merkaderes, Estafeta, Telefonica, zezen-plaza. 825 metro. 8:00etan hasten da. Ikus grafikoa hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.