Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu eta Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Joseba Azkarragak gaur esan du bere alderdia ez dela besoak gurutzatuta geratuko Madrilek urriko kontsulta -EAEko lehendakariak antolatu nahi duena- debekatuz gero. EAko eurodiputatu Mikel Irujorekin batera Gasteizen agertu da Azkarraga, prentsaurrekoan, eta Europako Batasuneko hainbat erakundetan beren alderdiak egin asmo duen "informazio eta salaketa" kanpaina aurkeztu du. Sailburuaren iritzian, "erabat zilegi" da "Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea defendatzeko legezko tresna guztiak erabiltzea".
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kontsultaren legeaz hartuko duen erabakia nola hartuko duten galdetuta, EAko buruak azaldu du lehenik eta behin ebazpena atera behar dela, eta ateratakoan hitz egingo duela EAk.
"Galdeketa egitearen kontrako ebazpena izango balitz, ebazpen hori prozesuaren bukaera izatea litzateke negatiboena", adierazi du Azkarragak. Honen idurikotz, Espainiako Gobernuak kontsultaren legearen aurrean erakutsitako jarrera "amorratua" izan da, eta horrek erakusten du "inperiorako duen bokazio nabarmena"; "horrek, beste behin, indartsuenaren oinpean jarri du Euskal Herriaren subiranotasuna".
Zapaterori hausnartzeko eskatu dio
EAko buruzagiak Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori herri bati berea ez den subiranostasuna ezartzearen gainean hausnartzeko eskatu dio. Gainera, Botere Judizialaren buruzagitza "fidela" bere interes alderdikoien mesederako erabili izana leporatu dio Madrili; "horrek defizit demokratiko argia adierazten du".
Hain justu, "Espainiako Estatuan dagoen demokraziaren kalitate kaskarra" da EAk Europako Batasunean barrena salatu nahi duena.
Irujo eurodiputatuak iragarri duenez, EAk Europako Aliantza Librean duen presentziari esker emango du jakitera bere jarrera. Europako Legebiltzarrean ekimenen bat proposatzeaz gain, Europako Kontseilura, honen Asanblea Parlamentariora edota Tokiko eta Eskualdeetako Botereetarako Erakundera eramango dute Eusko Legebiltzarrak onartutako galdeketaren legearen gaineko eztabaida.
Politika
Azkarragak dio EA ez dela besoak gurutzatuta geratuko Madrilek kontsulta debekatuz gero
Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuaren iritziz, "erabat zilegi" da "Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea defendatzeko legezko tresna guztiak erabiltzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu