17. Korrika

Azken 24 orduak, Donostiarantz

Bizkaian da Korrika gaur ere, eta bihar amaituko du ibilbidea, Donostiako Bulebarrean, 12:30ean. Ibai Maruri BERRIAko kazetaria zuzeneko kontakizuna egiten ari da Berriketan.info sare sozialean. Gipuzkoako kostaldean gaur hasi dira ongi-etorria prestatzen. [YouTube]http://www.youtube.com/watch?v=cdC9_SmiEfc[/YouTube]

2011ko apirilaren 16a
17:54
Entzun

Pixkanaka ari da 17. Korrika azken kilometroetara iristen. Gaur Bizkaian ibiliko da egunean zehar, eta gaurdia iristearekin batera Gipuzkoan sartuko da, bihar Donostiara ailegatzeko. Egun osoko festa dago prest Gipuzkoako hiriburuan eskuz esku ibili den lekukoari ongi-etorria egiteko. Amaiera ekitaldia bihar 12:30ean izango da, Bulebarrean.

Ibai Maruri BERRIAko kazetaria Berriketan.info sare sozialean ari da Korrikaren zuzeneko kontakizuna egiten, eta gaur eguerdian, Getxon, mila euskalakari ari zirela korrika esan dutela azaldu du. Aurretik, goizaldean, Zornotzan Jose Mari Sagardui Gatza preso ohiak eraman du lekukoa.

Gaur arratsaldean, besteak beste, Mungia, Bermeo eta Gernika zeharkatuko ditu Korrikak, eta gauean Lekeition eta Ondarroan esango dio agur Bizkaiari. Mutrikura iritsita, ez da Gipuzkoatik gehiago aterako. Goizeko 08:37ean iritsiko da Donostiara, aurretik, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Usurbil eta Lasarte igaro ostean.

Urola Kostako Hitzak gaur jakinarazi duenez, lasterketari ongi etorria emateko hasi dituzte ospakizun festak Gipuzkoako kostaldean. Getarian ehunka umek Korrika Txiki egin dute kaleetan zehar, eta ondoren, gaztetxoek txistu emanaldia egin dute plazan. Halaber, getariar ugari hurbildu da Berdura plazan egin duten herri bazkarira.

Zarautzen herri bazkaria egin dute Munoan, eta aurretik txistulariak aritu dira kaleak girotzen. Arratsaldean, txalaparta emanaldia eta poteoa egingo dute, eta gauean kontzertuak izango dira.

Orion ere festa da nagusi egunean zehar; Satotxa sagardotegian bazkaria egin dute herritarrek, eta gauean bertso lehiaketa egingo dute herriko tabernetan.

Zumaian, bere aldetik, arratsaldean hasiko dituzte ospakizunak; pailazoen emanaldia izango da 18:00etan Amaia plazan, eta iluntzean poteoa egin ondoren, gauean kontzertuak izango dira, gaztetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.