Zenbait komunikabidek gaur plazaratu dituzten albisteen harira, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak nabarmendu du badakiela ETAren "lehentasunezko jomuga" dela Ertzaintza, eta Donostia komandoaren aurkako operazioaren ondoren, "behar besteko" segurtasun neurriak hartu dituztela.
"Herrizaingo Sailak eta Ertzaintzak kide denek jakin badakite, duela urte askotatik, erakunde terroristaaren lehentasunezko jomuga direla", dio Herrizaingo Sailak plazaratu duen prentsa oharrak. "Horregatik, aldian-aldian gogorarazten zaie ertzainei ezinbesteko dutela segurtasun neurriei eustea eta haiek zorroztea".
Era berean, azken atxiloketatik jasotako informazioa aintzat hartu dutela eta ertzainen artean banatu dutela agertu du Herrizaingo Sailak: "Donostia komandoa desegitean lortutako informazioak aztertu ditu Sailak, eragiten dieten ertzain guztiei eman zaie haien berri, eta eta kasu bakoitzean behar besteko segurtasun neurriak hartu dira".
Gaur plazaratu diren albiste horien arabera, Donostiako ertzain etxeari buruzko informazio zehatza bildu zuten azken operazioan atxilotutako zenbaitek bideo kamerekin grabatuz. Halaber, Polizia iturrietan oinarritutako informazio horien arabera,milatik gora ertzainen argazkiak atzeman dizkiete.
Azken atxiloketetatik jasotako informazioa aztertuta, "behar besteko" segurtasun neurriak hartu ditu Ertzaintzak
Hala jakinarazi du Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak prentsa ohar baten bidez. Zenbait komunikabidek gaur plazaratu dute Donostia komandoa ertzainak zelatatzen ari zela. Herrizaingo Sailak nabarmendu du badakitela Ertzaintza dela ETAren jomuga nagusietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu