Azken baietza soilik falta du Etxegarateko bidesariak, ez baitituzte zuzenketak onartu

Tramite hori igarota, Gipuzkoako Batzar Nagusiek hilabete bukaeran onartuko dute Bidesarien Foru Araua

Ibilgailuak Etxegaratetik igarotzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dituzte Aralarrek eta Alternatibak Etxegaraten 3,5 tonatik gorako ibilgailuei bidesaria kobratzea ahalbidetzen duen foru arauari jarritako osoko zuzenketak. EAJk, Hamaikabatek eta PSEk bozkatu dute horien aurka. Hala, azken bozketa baino ez da falta foru araua onartzeko. Ziurrenik hilabete amaieran izango da, legegintzaldiko azken bilkuran. 2012ko urtarrilaren 1ean jarriko litzateke indarrean.

Bide Azpiegituretarako diputatu Eneko Goiak gogorarazi du Europako bidesariei buruzko zuzentaraua betetzen ari direla. Bertan jasotzen da 3,5 tonatik gorako ibilgailuek bidesaria ordaindu behar dutela Europa Barneko Errepideen Sarean dauden bideetan. Gipuzkoan AP-1, A-8, N-1, A-15 eta N-121-A izango lirateke errepide horiek. «Erabaki honen atzean ez dago asmo maltzurrik. Gaur beste urrats bat egin dugu bidesari hori ezartzeko. Horri esker, modu eraginkorrago batean erregulatuko dugu lurraldetik igarotzen den zirkulazioa».

Orain bidesari horren zenbatekoa zehazteko irizpideak ezartzea falta da; berriro ere bozkatu, eta onartu. Horren karietara, Goiak zehaztu du beherapenak gehienez %13koak izango direla, hala jasotzen baita Europa- ko Batzordeko zuzentarauan. «Bertan esaten da, gainera, baldintzak berdinak izan behar dutela erabiltzaile guztientzat». Goiak, dena den, lasai egoteko eskatu die bertako garraiolariei: «Sistemarik egokiena topatzen saiatuko gara, bertako kamioilariak oso kaltetuak izan ez daitezen».

Aurkakoen argudioak

Zerga bidez bertako garraiolariei ordain bat ematea aztertzeko eskatu du Aralarreko batzarkide Rebeka Uberak. «Hemengo garraiolariak izango lirateke arau honekin kaltetuenak, eta hori ez da bidezkoa. Izan ere, bertako errepideak gehien hondatzen dituztenak atzerritik datozen trailerrak dira».

PPko batzarkide Iñigo Manriquek gogor kritikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren jokabidea. «Kamioilari asko autonomoak dira, eta hilabeteak daramatzate zenbaki gorritan. Honek haien egoera okertu besterik ez du egingo. Askorentzat amaiera izango da. Foru aldundiak dirua biltzekoduen goseari baino ez dio erantzuten arauak; eta, gainera, baztertzailea da».

Arauak «nahi duen moduan» jarduteko aukera ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Ezker Batuko Mikel Izagirreren ustez. «Azken batean, aukera ematen dio beste errepide batzuetan erebidesaria ezartzeko, eta gu ez gaude horrekin ados».

Araua «etikaren aurkakoa» da, Alternatiba Eraikitzen alderdiko Ander Rodriguezen esanetan. «Gainera, nahiz eta ibilgailu astunei bideratuta egon, aukera ematen du beste ibilgailu batzuei ere bidesaria ezartzeko».

Aldekoentzat, ezinbestekoa

EAJ, PSE-EE eta Hamaikabat izan dira arauaren alde agertu direnak. EAJko Aintzane Oiarbideren arabera, «nahitaezkoa» da Gipuzkoako zirkulaziorako. Halaber, aurka dauden alderdien jokabidea salatu du: «Ez dute beste proposamenik aurkeztu Gipuzkoako herritarrek gutxiago ordaindu behar izateko errepideen eraikuntzan edo konponketan». Salaketa horrekin bat egin du Hamaikabateko Joxan Rekondok, eta nabarmendu du arauak «distortsioak» saihestu nahi dituela eta«baldintza jasangarriak» sortu .

PSE-EEko Lore Suarezen irudiko, bidesarien inguruan eztabaida «murriztaileak» egitea «arduragabea» da. Arauaren alde egon arren, aldundiak garraiolariekin eta inguruko lurraldeetako erakundeekin izandako «elkarrizketa falta» salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.