Azken egunak, elkarri begira

Lehen astea barea izan ostean, Eusko Legebiltzarrerako bozetarako kanpainaren azken egunetan bestelakoa da hautagaien tonua, eta, ondorioz, baita elkarren arteko hartu-emana ere.

(ID_13796429) CAV ELECCIONES PSE-EE
Andueza eta Zapatero, atzo, Barakaldon egindako ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Bare hasi zen hauteskunde kanpaina, ziurrenik bestelako gaiek tonu apalagoan aritzera behartu zituztelako alderdiak. Baina, barealdi hori amaituta, aste hasierako mitin, debate eta elkarrizketek bestelako lehia bat erakutsi dute, eta alderdien ekitaldi handietan, norberaren proposamenak aurkezteko baino, gainerakoengandik ezberdintzeko eta posizio berezituak ezartzeko beharra gailendu da.

«Fidagarritasuna» edo «esperientzia eza», «esperantza» edo «beldurra», «benetako arazoei erantzuna» edo «diskurtso subiranistak»... Eztabaidari eta, oro har, kanpainako azken egunei heltzeko bere modua du alderdi bakoitzak. Badira, baina, hor arrakalak topatzen dituzten gaiak. Horietako bi izan dira EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandianok SER irrati katean ETAren inguruan esanak eta EAJren hautagai Imanol Pradalesen kontrako erasoa. Beste kanpaina batzuetan agendaren erdigunea hartu zezaketen gaiak, baina herenegungo ETB2ko debatean eta atzoko mitinetan zentraltasuna bereganatu ez dutenak, nahiz eta EAJko eta PSE-EEko hautagaiek memoriaren aferari erreferentzia egin euren ekitaldietan.

Izan ere, gakoa kudeaketa gaitasuna da, EAJren ordezkarien hitzetan, eta hor ezberdindu behar dira jeltzaleen eta EH Bilduren ereduak. Donostian egindako mitinean, Pradalesek adierazi zuen bi aukera soilik daudela iganderako, eta herritarrei eskatu zien azken hamarkadetako lanari jarraipena ematearen edo eraikitakoa «eraistearen» artean hautatzeko: «Kontuz itsu-itsuan hainbeste kostata eraiki dugun etxea aldatzera gonbidatzen zaituztenekin». Ideia horrekin bat egin zuten EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk ere. Azken horren kasuan, bere agintaldiari erreferentzia eta guzti: «Euskadiko gobernuaren aurrekontuei ez, pankartak, grebak, oztopoak... Beti kontra, dena ez», salatu zuen, eta boto «kritiko eraikitzailea» eskatu.

EH Bilduri zuzendutako hitz horiek, ordea, «txipiroi tinta» besterik ez dira, koalizio subiranistako koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren esanetan: «Nahasmena eragin nahi dute, zerbitzu publikoen gainbeheran erantzukizunaz ez hitz egiteko». Eta hala, Otxandianok beste esparru batean kokatu zuen lehia hori. «Beldurrak ez du ilusioa gaindituko», adierazi zuen Santurtzin (Bizkaia). Hain zuzen, EH Bilduren lehendakarigaiaren hitzetan, azken egunetako «deskalifikazioak, zarata eta lokatza» batzuek «aldaketa politikoari dioten beldurraren» erakusle dira, baina ez dira «oztopo» izango: «Herri hau martxan dago, eta, oztopoak oztopo, herri hau mugitzen ari da».

PSE-EEko lehendakarigai Eneko Anduezak, berriz, «politika sozialen berme» gisa aurkeztu zituen sozialistak, Barakaldon (Bizkaia). Eta horren kontrapuntu gisa aurkeztu zituen alderdi abertzaleek autogobernu arloan izan ditzaketen «asmo identitarioak» eta, zehatzago, EH Bildu «proposamen falta»: «Euskal osasungintza publikoa ez da erradiografiekin sendatzen; tratamendu bat jarri behar zaio». Espainiako gobernuburu ohi Jose Luis Rodriguez Zapaterok, berriz, ezker-eskuin ardatza izan zuen hizpide, eztabaida estatu mailan kokatuta: «Eskuineko gizonok, merezi duen Espainia hau PSOEren gobernuena da».

PPko lehendakari Javier De Andresek ere kanpoko babesa jasotzeko eguna izan zuen atzokoa. Andaluziako, Galiziako, Gaztela eta Leongo eta Balearretako presidenteak haren alde aritu ziren Bilbon. Horiek zaku berean sartu zituzten EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. Denak ere Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen «bazkideak», eta, beraz, igandean «saririk» merezi ez dutenak.

Bada oraindik zer azaldu

Oso bestelakoak izan ziren alderdien goizeko ekitaldiak. Horietan bai, proposamenak izan ziren nagusi. Pradales osasungintzaz, hura EAJrentzat «lehentasunik nagusiena» dela esanez. PSE-EEren Arabako zerrendaburu Aroa Jilete Altsasu (Nafarroa) eta Miranda de Ebro (Espainia) arteko aldiriko tren baten defentsan aritu zen. Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile Pilar Garridok «kultur aniztasuna» artean eta kulturan hedatzeren garrantzia nabarmendu zuen. Sumarreko lehendakarigai Alba Garciak, berriz, ezkerra «langile klasetik hurbil» egon beharra azpimarratu zuen.

Eta Oskar Matute EH Bilduren Espainiako Kongresuko diputatuak inbertsio funts baten beharra aldarrikatu zuen. Harena izan da Madrilgo instituzioetan lanean ari den ordezkari batek koalizioaren ekitaldietan izandako parte hartze bakarra, Idurre Bideguren senatariak egindakoarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.