Atxiloketak

Azken hiru atxilotuak kartzelara sartzea erabaki du epaileak

Sergio Lazkano, Unai Lamariano eta Joseba Garcia Pabon igandean atzeman zituen Guardia Zibilak, gaur zortzi ustez ETAko kideen kontra abiatutako sarekadaren barruan. Bederatzi lagun espetxeratu egin dituzte. Torturak jaso dituztela esan dute; "Lazkanoren kasua bereziki basatia izan da", Askatasunaren arabera.

2007ko apirilaren 4a
17:54
Entzun 00:00:0000:00:00
Sergio Lazkano, Unai Lamariano eta Joseba Garcia Pabonek gaur deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean Ismael Moreno epailearen aurrean, eta honek hirurak kartzelara sartzea erabaki du. Haren ustez, Lazkano ETAko kidea da, eta beste biek ETAri lagundu izan diote. Aurrez gauza bera eskatu dio Vicente Gonzalez Mora fiskalak epaileari.



Guardia Zibilak ETAren kontra egindako azken sarekadaren barruan atxilotu zituen Lazkano, Lamariano eta Garcia Pabon, igandean. Polizia iturrien arabera, Donostia komandoa desegitea eta lehergaiak eta bestelako armak atzematea lortu dute operazio horretan.

Askatasuna erakundeak salatu du hirurek torturak jaso dituztela. "Lazkanoren kasua bereziki basatia izan da, epailearen aurrean ETAren aginduz Batasuna, EHAK eta ASBn lanean ari zela adieraz zezan tematuak zirelako guardia zibilak. Mehatxaturik eraman dute epailearen aurrera adierazpen horiek egin zitzan, eta hala egin ditu. Torturak ere salatu ditu epailearen aurrean".

Guztira 11 lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak gaur zortzi abiatutako sarekadan: martxoaren 28an zortzi lagun atxilotu zituzten, eta haietako bat biharamunean aske utzi (Julen Larrañaga). Beste zazpiek astelehenean deklaratu zuten Ismael Moreno epailearen aurrean, eta Endika Zinkunegi baldintzapean aske utzi eta gainerakoak espetxeratzeko agindu zuen. Zazpi lagun horiek ere torturak salatu dituzte, eta inkomunikatuta egon diren bitartean zenbaitzuk erietxera eraman behar izan dituztela agertu du TAT Torturaren Aurkako Taldeak.

Operazioaren ondorioz, beraz, bederatzi lagun espetxeratu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.