Iragan asteko polizia operazioan atxilotutakoen senideek deituta, etzi Iruñean manifestazioa egingo dute. 17:30ean abiatuko da, Gazteluko plazatik, Prozesu demokratiko baten alde, errepresiorik ez lelopean. Deialdiak orain arte babes zabala jaso du. Besteak beste, Aralarrek, ezker abertzaleak, EAk, LABek, ESK-k, CGTk, EILASek, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Bilgune Feministak, Emakume Internazionalistek, Sasoiak taldeak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Eskubideak abokatu elkarteak, Etxerat-ek eta Sortzen Ikasbatuaz-ek atxikimendua eman diote deialdiari.
Iragan astean atxilotutako Rosa Iriarteren aitak, Jose Iriartek, gaztelaniaz, eta Josu EsparzaAAMko kideak, euskaraz, eman zuten atzo deialdiaren berri. Agirian azpimarratu dute atxilotu guztiek «lan publikoa» egiten zutela: «Auzo eta herrietan hainbat eremutan lan egiten duten pertsonak dira». Azken operazioan atxilotutako hiru nafarrak horren adibide direla azaldu dute: Rosa Iriartek Bilgune Feministan jarduten du, Joxe Aldasorok euskararen alde AEKn eta EHEn, eta Eneko Compainsek Nazio Eztabaidagunean. «Bertsio ofizialak, berriz, terrorista arriskutsuak atxilotu dituztela adierazi du».
Ozen salatu dituzte «gertaera larriok», eta bide zibil politiko eta demokratikoen aldeko apustuari Gobernuak «bide polizialarekin» erantzutea gaitzetsi dute. Hala, inkomunikaziorako bidea ematen duen eta eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten legeak indargabetzeko eta «benetako demokrazia» baten aldeko urratsak egiteko eskatu dute.
Torturaren aurkako salaketak
Atxilotuen tortura testigantzak direla eta, berriz, LABek salatu du estatuak tortura baliatzen duela ezker abertzalearen aurka jotzeko. Bereziki gaitzetsi dute «emakumeek jasan duten zigor erantsia, bortxaketa saio eta eraso sexistak tarteko». Bilgune Feministak ere deitoratu egin du tortura sexista.
Leioako Kurkudi kultur elkarteak ohar baten bidez jakinarazi du irailaren 14an Erika Bilbaoren atxiloketa baliatuta elkartea zazpi orduz miatu zutela guardia zibilek eta ertzainek. «Bideokamera bat, zenbait tresna eta 2.850 euro» eraman zituztela salatu dute.
Azken operazioaren aurka etziko Iruñean deitu duten martxak babes zabala du
Besteak beste, Aralar, EA, ezker abertzalea, LAB, ESK, CGT, EILAS, AAM eta Etxerat dira deia babesten dutenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu