Hatortxu musika jaialdiari agur hunkigarria egin diote gaur, hileko azken ostiraleko mobilizazioan. Etxerat-ek eta Sarek deituta, euskal presoak etxeratzeko aldarria Lakuntzan (Nafarroa) egin dute gaur; aldarri hori irudikatzeko, mosaiko bat osatu dute Hatortxu Rock jaialdia ospatzen ari diren gunean.
1999an hasi zen euskal presoen aldeko elkartasun jaialdiari eskerrak eman nahi izan dizkiote. Ohar batean, azpimarratu dute euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak ez direla oraindik etxeratu, baina horretarako lanean segituko dutela: «Hatortxuk ereindako elkartasun eta maitasun haziak azkar ernatuko dira berriro, Euskal Herriaren luze-zabalean loratu, eta fruitu berri eta distiratsuak emateko».