ingurumena

Azken otsoetako bat hiltzeko baimena eman du Arabako Foru Aldundiak

Otsoa hiltzeko zain egoteko aukera izango dute ehiztariek hamalau egunean. Euskadiko Otso taldeak Ingurumen Fiskaltzara joko du. Egun, otso bat edo bi daude Araban.

Otsoak, artxiboko irudi batean. ANA RETAMERO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 4a
17:16
Entzun

Ehiztariek Arabako Foru Aldundiaren hamalau eguneko baimena dute zain egoteko eta otsoa bertatik pasatzen bada hiltzeko. Equo Berdeak alderdiak «Arabako azken otsoa» ez hiltzeko eskatu du, «bioaniztasunaren kontrako atentatua» dela iritzita. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan duenez, ez dakite zehazki azken otsoa den, baina gehienez ere bi daudela ziurtatu du. Azaldu du ehiztariek luza daitekeen hamalau eguneko baimen bat daukatela otsoa ager daitekeen lekuetan zain egon eta hura hiltzeko. Hori eragotzi nahian, Ingurumen Fiskaltzara joko du Euskadiko Otsotaldeak.

Gonzalez, berriz, otsoaren ehizaren alde agertu da, «nekazaritza estentsiboaren aldeko apustua» egiten duelako. «Egoerak okerrera egin du, eramanezina izateraino, eta nekazarien bizimodua baldintzatzen du», nabarmendu du. Ahaldun nagusiak eman dituen datuen arabera, otsoak 153 animalia hil, 78 zauritu eta 67 desagerrarazi ditu 2019an.

Equo Berdeak alderdiak behin eta berriz eskatu du otsoa babestu behar dela dioten eremu zientifikoko ahotsei entzuteko, espezie horrek laguntza ematen duelako «ekologiaren oreka, euskal ondare naturala eta kulturala eta bioaniztasuna» mantentzeko.

Arabako ahaldun nagusiak esan du Otsoaren Kudeaketa Planak ehiza baimentzen duela, aurretik hartutako neurriek ez dutelako eraginik izan. Euskadiko Otsotaldeaez dago ados horrekin. Esan dutenez, taldeak esku artean du «otsoa ezabatzea» justifikatzen duen txostena, eta, bertan, ageri da nekazariek neurriak hartu dituztela otsoarengandik babesteko, baina ez dira zehazten zein diren. Talde horrek dioenez, txostenak dio ustiapen batzuetan hamar eraso baino gehiago egin dituela otsoak, baina hori ez dela posible esan dute taldekideek: «Ezinezkoa da otso batek hainbeste kalte eragitea mastin txakurrak –aldundiaren arabera hori da metodo eraginkorrena– dituen ustiategi batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.