Koronabirusa

Azken zenbaketan 33 positibo atzeman dituzte, 11 Bilbon

Adierazi dute ez dagoela motiborik esateko Bizkaiko hiriburuan gaitzaren oldarraldi bat dagoenik, baina ikertzen ari dira

arantxa iraola
2020ko uztailaren 13a
16:28
Entzun

Izurriari jarraipena egite aldera, PCR testen bidez atzemandako azken koronabirus kasuen berri eman dute osasun sistemek. Denera 33 positibo berri dira. Hamasei Bizkaian atzeman dituzte, eta horietako 11, Bilbon; adierazi dute ez dagoela motiborik esateko kasu horien atzean gaitzaren oldartze bat dagoenik, baina ikertzen ari dira. Gipuzkoan kasu berriak zortzi dira; Nafarroann sei; eta Araban, hiru.

Ordiziako oldarraldiak zeresana franko eman du, baina baretzen ari dela dirudi; kasu berri bakar bat zenbatu dute orain kasu multzo horretan. Denera 74 dira. Nafarroako datuetan positibo batek otura dauka Tuteran lehengo astean jakinarazitako kasuekin, eta bi Iruñean gaitzak duen agerraldi berri batekin.

Eusko Jaurlaritzak ohi baino datu gutxiago eman ditu gaur, arazo batzuk izan dituela argudiatuta. Ez du esan, esaterako, zenbat PCR test egin dituzten.

Izurriarekin lotutako zalantzaguneetako bat Donostian egon da, Etxadi kiroldegian; bertako langile batek positibo eman duela jakinarazi dute, eta halakoetarako prestatuta dagoen protokoloari atxikita, kiroldegia itxi egin dute Donostia Kirolako arduradunek. Gaur arratsaldean, ordea, «positibo faltsua» izan dela argitu dute, eta kiroldegia bihar bertan irekiko dute berriz. Igandean, kiroldegiko zerbitzuez arduratzen den enpresak positiboaren berri eman zion Donostia Kirolak erakundeari, langileari PCR proba egin ostean. Gau hartan jarri zuten martxan kutsatzeen aurkako protokoloa.

Andoainen (Gipuzkoa) ludoteka bat ere itxi behar izan dute, erabiltzaile batek positibo eman duela eta. Udalarena da instalazioa, eta erakundeak plazaratutako oharraren arabera, «lasai» egon behar dute herritarrek, testak egiten ari zaizkielako positiboaren gertuko kontaktuei, eta osasun agintariekin batera koordinatzen ari direlako zer egin hemendik aurrera.

Espainiako Gobernuak, bestalde, plan bat ondu du birusa hesitzen jarraitzeko irizpideekin. Plan horren helburua da berriz ere alarma egoera bat ez ezarri behar izatea, eta zehazten du zer baliabide eta neurri hartu beharko dituzten autonomia erkidegoek birusaren hedatzea gerarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.