Azkenean maskarak (eguneko laburpena)

Gaur beste hamar hildako zenbatu dituzte Euskal Herrian, koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. PCR test bidez, 31 positibo atzeman dituzte. 

Jendea kalean, maskara jantzita. JON URBE / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 20a
19:29
Entzun

Koronabirusaren krisi honetan behar baino gehiagotan gertatu da erabakiak gertaeren atzetik ibiltzea. Tamalez, aurreikuspen gaitasun handiagorekin kalteak txikigoak izango zirelako. Maskararen erabileraren kontuarekin berandu ibiltzearen sentsazioa dago. Berandu erabileraren arautzea, berandu maskaren eskugarritasuna bermatzea. Apirilaren hasierako hemerotekan aurki daitezke agintarien adierazpenak esanez ez zutela gomendatzen maskeren erabilera masiboa, baita haien eraginkortasuna zalantzan jartzen. Gero garraio publikoan erabiltzeko gomendioa eta beharra etorriko ziren, eta orain erabilera orokorrerako arauak iritsi dira.

Espainiako Gobernuak gaur argitaratu du leku publikoetan maskaren erabilera arautuko duen agindua. Bihartik aurrera 6 urtetik gorakoek maskara erabili beharko dute Hegoaldean. Bi metroko segurtasun tartea ziurtatu ezin denean, maskara jartzea derrigorrezkoa izango da, bai erabilera publikoa duten espazio itxi guztietan bai aire zabalean. Salbuespen batzuk ezarri ditu Osasun Ministerioak.

Hamar hildako. Azken bost egunetan, Euskal Herrian hildakoak digitu bakarreko zenbakiak kontatu ditugu. Gaur, ordea, hamar izan dira hildakoak koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Denak EAEn. Beste datuak, halamoduzkoak dira. PCR test bidez 31 positibo atzeman dituzte: Araban, 13; Bizkaian, 12; Gipuzkoan, bat; eta Nafarroan, bost. Sei pertsona ospitaleratu behar izan dituzte. Hiru EAEn, eta beste hiru Nafarroan. 

Alarmaren luzapena. Beste hamabost egun gehiagoz luzatuko da alarma egoera, ekainaren 7ra arte. Datozen bi asteetan, aginte bakarrari osasun ministroak eutsiko dio, ez ordea Barne, Garraio eta Defentsa ministroek. Luzapena onartzeko, EAJren eta Ciudadanosen babesa lortu du Espainiako Gobernuak. 

Itzulera eskolan. Ekainaren 5erako amaituta egon beharko du itzulera prozesua EAEko eskoletan, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordetzak atzo sinatutako aginduaren arabera.

Zahar etxeen auzia. Adineko egoitzetan bizi izandako egoera larria Europako Kontseilura iritsi da. Giza Eskubideen komisarioak adierazpen bat argitaratu du salatzeko Europako zahar etxeetan koronabirusaren izurrian gertutakoa. Hain heriotza tasa handiaren atzean dauden arrazoiak salatu ditu: prestaketa falta, langile falta kronikoa, eta jabe pribatuek, batzuetan, etekinak zaintza kalitatearen gainetik jarri izana.

AGIAN HONEK ERE MEREZI DU

Sendagaiak denon esku. OME Osasunaren Mundu Erakundeak urteroko batzarra egin berri du. Batzarraren amaieran, OMEk adierazi du koronabirusaren aurkako txertoek eta sendagaiek edonoren esku egon behar dutela, trabarik gabe. Salud por Derecho elkarteko zuzendari Vanessa Lopezek ohartarazi du enpresa baten sendagai eta txertoen merkaturatze eskubide esklusiboak bereganatzeko arriskuaz. Vanessa Lopezen ustez, beharrezkoa da lizentziak irekiak izatea.

Ikastolen jaiak udazkenean. Ikastolen aldeko aurtengo jaietarako data berriak jakinarazi ditu Ikastolen Elkarteak. Herri Urrats irailaren 20an izango da, Senperen. Kilometroak jaiak bere datari eutsiko dio, urriaren 4an, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen. Araba Euskaraz eta Ibilaldia, egun berean ospatuko dituzte, urriaren 18an, Amurrion eta Elorrion, hurrenez hurren. Nafarroa Oinez, aldiz, bertan behera uzti dute.

Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronorabirusaren buletinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.