Noiz sortua: 2020-05-20 11:45:54

ikastolak

Udazkenean egingo dituzte ikastolen aldeko jaiak

Irailaren 20an ospatuko dute Herri Urrats. Kilometroak, berriz, urriaren 4an. Araba Euskaraz eta Ibilaldia egun berean egingo dituzte: urriaren 18an. Nafarroa Oinez bertan behera uztea erabaki dute.

Iazko Kilometroak, Zarautzen.
Iazko Kilometroak, Zarautzen. Gorka Rubio/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2020ko maiatzak 20

Ikastolen Elkarteak data berriak ezarri ditu ikastolen aldeko aurtengo jaietarako. COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez, udazkenera atzeratu dituzte. «Udazkenean, udaberri berri bat edukiko dugu», adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk. Gauzak horrela, Herri Urrats izango da lehena, irailaren 20an, Senperen. Kilometroak jaiak bere data mantenduko du, urriaren 4an, AmasaVillabonan eta Zizurkilen. Araba Euskaraz eta Ibilaldia, berriz, egun berean ospatuko dituzte, urriaren 18an, Amurrion eta Elorrion, hurrenez hurren. Egun berean egitekoa ziren Nafarroa Oinez ere, baina bertan behera utzi behar izan dute aurtengo jaia.

Apirilaren 3an eman zuten antolatzaileek udaberrian egitekoak ziren jaiak atzeratzeko erabakiaren berri. «Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau; ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatzerako eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea», azaldu zuen Tellituk, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta Herri Urrats iragarritako egunetan egingo ez zirela azaltzean.

Ordutik jai guztietako antolatzaileak elkarlanean aritu direla adierazi du elkarteko lehendakariak, noiz egingo diren zehazteko asmoz. Halere, egunak gerturatu ahala, osasun egoerak baldintzatuko du aldaketaren bat egiteko beharrik baden: «Ikusiko dugu aurrera egin dezakegun edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko». Era berean, «arduraz eta erantzukizunez» jokatuko dutela azaldu dute, baldintza seguruetan egiteko beharrezko neurriak hartuta eta garbiketan sakonduta. «Ez dira orain arte ezagututakoak bezalakoak izango», argitu dute, baina beharrezkotzat jo dute «ahalegin berezi bat» egitea, «gizarteari erantzun bat emateko». Horregatik, «jaiak berrasmatzen» ari direla azaldu dute: «Sormena landuz, auzolanean eta tokian tokikoari garrantzia emanez».

Antolatzaileek azpimarratu dute ikastolen aldeko festak ez direla «jai hutsak», besteak beste, eragileen arteko «auzolana» sustatzen dutelako, «euskal kulturari bost plaza handi» eskaintzen dizkiotelako, «euskarari bozgorailu handi bat» jartzen diotelako eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketaren oinarri direlako. «Ez dugu etsi nahi», nabarmendu dute.

Gauzak horrela, maiatzaren 10ean aurreratu zuten Herri Urrats irailaren 20an egingo zutela. Egun hartan zen egitekoa festa Senperen, baina, kaleak bete ezinik, Kanaldudek antolatutako programazio berezi batean eman zuten albistea. Kilometroak dira data aldaketarik izango ez duen jai bakarra. Iragarri bezala, urriaren 4an egingo dute, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, Korri, Punpa, Ttak lelopean.

Data aldaketak eragindako unerik bereziena urriaren 18koa izango da. Egun berean egingo dituzte Araba Euskaraz eta Ibilaldia. Gainera, bi jai horien arteko lotura egiteko asmoa iragarri dute, bi herri eta lurralde ezberdinetan egin arren.

Nafarroan, ezin

Ikastolen Elkarteak adierazi du «tamalez» Lizarrako Ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak aurtengo jaia bertan behera uzteko erabakia hartu dutela, «ustekabean heldutako pandemiak» eragindako egoera medio. Izan ere, festak ospatzeko erabakia bost antolatzaileen artean aztertu duten arren, Nafarroa Oinez jaiaren antolatzaileek ez dute uste hura aurrera ateratzeko baldintzak daudenik. Beraz, datorren urtera atzeratu dute.

Atsekabea adierazi dute, baina «elkartasun egitasmoak bultzatuz» aurrera egiteko asmoa azpimarratuta. Lizarrako ikastolaren 50. urteurrena zuten ospatzekoa, eta, besteak beste, haur eskola berritzeko helburua zuten.

Euskal Herriko ikastolen aldeko Tanta zozketaren eguna ere atzeratu egin dute: «Txartelak eskuratu nahi dituzuen guztiongana iritsi ahal izateko». Ekainaren 25ean zen egitekoa, baina urriaren 21era aldatu dute.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa), larunbatean. ©Marisol Ramirez / Foku

Hego Euskal Herria, azken faserako prestatzen

Berria

EAE datorren astelehenean hirugarren fasera pasatzeko eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari, eta Nafarroa «normaltasun berrira iristeko neurriak» onartzeko prest dagoela esan du Maria Txibite presidenteak.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du gaur Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta, horren truke, Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea eskatuko du Jaurlaritzak bihar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna