Politika

Aznarezek espero du Ahal Dugu-ren parlamentu taldea ez dela hautsiko

Mikel Builek eskatu dio parlamentu talde osoari "irain lehia" alboratzeko eta eguneroko lanari heltzeko: "Helburu bat dugu aldaketaren gobernua sostengatzeko ez soilik legealdi honetan, baizik eta urte askoan".

Ainhoa Aznarez eta Mikel Buil gaurko prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2018ko martxoaren 16a
08:33
Entzun

Egoera berezian da egun Ahal Dugu-ko parlamentu taldea. Nahiz eta barne gatazka izan, taldea ez da hautsi. Builen arabera, lan "isilekoa, arduratsua, eskuzabala" egiten ari dira hausturarik egon ez dadin. Hala deskribatu du egoera: "Parlamentu taldea ez da hautsi behar, nahiz eta bi sektore dauden barruan".

Orain arte bien artean bozketetan bat egin dutela nabarmendu du. "Diferentzia politikoak ez dira azaleratu. Horren gainetik gobernuaren akordio programatikoa dago, eta hori kontuan harturik egiten dugu lan". Dena den, uste du kasuren batean desberdin bozkatzen badute ere asaldurarik ez lukeela eragin behar. Builen arabera, euren helburuak izan behar du UPN hamarkadetan agintera ez itzultzea.

Gaur, prentsaurrekoa eman dute Ainhoa Aznarezek eta Mikel Builek. Aurreko larunbatean sektore kritikoko kideek batzar batean erabaki zuten euren taldeko lau parlamentarien soldaten zati bat aholkulari juridikoak kontratatzeko erabiltzea. Aznarezen arabera, jadanik bi aholkulari juridiko baditu taldeak eta horrekin "aski" dela deritzo. Era berean, kritikoek dei egin zioten alderdiari egoerari buruzko konponbide batera heltzeko, eta 2019ko proiektuari buruz eztabaidatzeko. Dena den, horri buruz ez dute deus berririk esan Builek eta Aznarezek.

Aznarezek ez du uste taldea hautsiko dela eta, ondorioz, hark legebiltzarreko presidente izateari utziko diola. "26 parlamentarik konfiantza adierazi zidaten, eta iruditzen zait 26 boto horien konfiantza ez dudala galdu".

Konstituzionalaren erabakiak eta pentsioak

Igandeko autogobernuaren aldeko mobilizazioarekin bat egin du Ahal Dugu-k. Aznarezen arabera, "ez da kasualitatea" Auzitegi Konstituzionalaren azken bi erabakiak gai sozialen inguruko legeak izatea (etxebizitzaren legea eta osasun unibertsala bermatzeko legea).

Biharko pentsiodunen mobilizazazioei ere babesa eman die Nafarroako Ahal Dugu-k. Builek azpimarratu du Kongresuan Unidos Podemosek hainbat neurri aurkeztu dituela pentsioen inguruan —%0,25eko igoeraren ordez KPIarena, errenta handienek ekarpen handiagoa egitea sistema publikoari eta pentsio planen kenkariak kentzea—, baina PPk eta PSOEk ezezkoa eman diotela.

Builen arabera, Nafarroako Gobernuak hartu ditu pentsio apalenak igotzeko hainbat neurri, baina horrekin ez da nahikoa. Mozio bat aurkeztuko dute larrialdi egoerez harago, jende gehiagorengana heltzeko. "Borrokak batu behar ditugu, eta indarrak elkartu, PSOEk atzera egin dezan eta denon artean PP gobernutik bota dezagun".

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.