Azpeitiko Ikasberri ikastolak jaso du Kilometroak antolatzeko lekukoa

Errenteriako Orereta ikastolak pasatu dio testigua. Gipuzkoako ikastolen jaia Azpeitian egingo den laugarren aldia izango da.

KIlometroak
Azpeitiko Ikasberri ikastolakoek lekukoa jaso dute, Errenteriako Orereta ikastolaren eskutik. BERRIA
2023ko azaroaren 19a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azpeitiko Ikasberri ikastolak antolatuko du 2024. urteko Kilometroak jaia. Ikastolaren komunitateko hainbat familiak gaur jaso dute testigua Errenterian (Gipuzkoa), Orereta ikastolaren eskutik, eta ekitaldia baliatu dute aurtengo antolatzaileei eskerrak emateko eta datorren urteko festaren helburuak azaltzeko.

Lekukoa bihar helduko da Azpeitira. Han, ikasleek, irakasleek eta langileek harrera egingo diote, eta hasiera emango diote Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia antolatzea egokitu zaien urteari. Gaur egindako ekitaldian, azaldu dute «lan askoko urtea» izango dela, baina «ilusioz eta pozez» egingo diotela aurre erronkari. Gehitu dute festak «ezohiko aukerak» eskaintzen dituela, eta hori baliatu nahi dutela «ekinbide berrientzako abiapuntu» izateko.

Jaia Azpeitian egingo duten laugarren aldia da. Lehen aldiz 1979. urtean ospatu zuten han, bigarren aldiz 2000n eta hirugarrenez 2011n. «Esperientzia badugu, baina kilometro guztiak desberdinak dira, garaiak ere diferenteak direlako», adierazi dute. Jada lanean hasiak dira, eta, «hainbat helburu txikiagoren artean», hiru nagusi nabarmendu dituzte: euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.