A-8 autobidean zirkulazioa arintzeko egin zuten Bilboko hegoaldeko saihesbidea egiteko proiektua. Auto ilarak egunerokoak dira Bilbo inguratzen duen autobidean -100.000 ibilgailutik gora pasatzen dira egunean-, eta Bizkaiko Foru Aldundiak uste du autobide berriarekin A-8tik aterako dituela kamioiak eta ibilbide luzea egiten ari diren autoak.
Bilboko hirugarren saihesbidea izango da Bilboko hegoaldekoa. A-8 autobidea arintzeko, 2003an zabaldu zuten Txorierriko saihesbidea. Diputazioak 2007an egindako txosten batek dio errepide hark arindu duela A-8ko zirkulazioa. Ordea, hurrengo urteetan espero dute %2 inguru handituko dela A-8ko zirkulazioa, «eta laster 2003an bezala egongo da»; alegia, Txorierriko saihesbidea egin aurretik bezala. Diputazioak dio hegoaldeko saihesbidea dela irtenbidea. Ibilgailuak A-8tik ateratzeko, lotura egingo dute bi bideen artean, Bilboko Peñascal auzoan eta Trapagaranen. BI-636 errepidearekin ere lotuko dute, Alonsotegin. Aurrerago, A-68arekin lotuko dute, Arrigorriagan.
Guztiek ez dute uste, ordea, eragin handirik izango duenik hegoaldeko saihesbidea zabaltzeak. Barakaldo Naturala taldeko kidea da Javier Vazquez, eta autobideak onura gutxi ekarriko dituela dio. «Proiektuak dio ibilgailuen %6rentzat dela. Portura doazen kamioiak kenduta, %3an-edo geldituko da». Portuko merkantziak trenbidez garraiatzeko proiektua dauka Espainiako Gobernuak.
Bizkaian inoiz egin den azpiegiturarik garestiena izango da hegoaldeko saihesbidea. Diputazioak emandako datuen arabera, lehen zatiko A faseak 771 milioi euroko aurrekontua du. Tarterik garestiena da. Proiektu osoak 1.350 milioi eurotik gorako aurrekontua du. Dituen baliabideekin, Aldundiak ezin dio kolpetik aurre egin gastu horri, eta Europako Inbertsio Bankuarekin akordioa sinatu du. Hark emandako diruarekin ordainduko dituzte lanen %70; gainerakoa, Diputazioaren baliabideekin eta aurrezki kutxei eskatutako maileguekin. Errepidea zabaltzen dutenean ordaindu egin beharko dute gidariek. Oraindik ez dute zehaztu zenbat.
Mendiguneetan barrena
Autobidea igaroko den lekuaren malkarrak eragin du gastua handia izatea. Bilboko hegoaldeko saihesbidea mendiartean igaroko da metro askoan, eta tunelean joango da erdia. Lehen zatiko A faseak dituen 15.800 metroetatik, 7.370 izango dira lurpekoak. Bost tunel egingo dituzte. Diputazioak dio ingurumena babesten dutela tunelek, «landarediari eta faunari gutxiago eragiten diote eta». Javier Vazquezen esanetan, ordea, kalte egiten dute, lurra mugitu behar delako eta uraren bidea eragozten dutelako. Barakaldon nabaritu dute hori. «Ur geruzei eragiten ari zaizkie. Iturburu batzuk galdu egin dira, eta baserritarrak kexu dira, ur gutxiago dagoelako».
Tunelak egiten diren lekuetatik tonaka ari dira ateratzen lurra. Gehienak Pagasarri mendiaren inguruan botatzen dituzte. Lekua ondo ezagutzen du Ekologistak Martxan taldeko Kike Antolinek. Egiten ari direna deskribatzeko hitz bat bakarrik du: «Basakeria». Lurra uzteko lekuetara iristeko, kamioientzat bideak egiten ari dira. «Legea eskuan, lanak amaitutakoan bete behar lituzkete bideak, edo, bestela, berreskuratu. Ez dakigu egingo duten».
Ingurumen baldintza batzuk ezarri zituen Diputazioak lanak egiteko. Javier Vazquezek dio Gorostitzan (Barakaldo) baldintza bereziak ezarri zituztela, ingurua halakoa delako. «Baldintzak ez dira betetzen ari. Urak zikin datoz erabat. Ibaiak ez luke inola aldatu behar, eta gris kolorea ageri du».
9.996
Lehen fasean egin beharreko leherketak. Bost tunel egingo dituzte lehen zatiko A fasean, eta horiek guztiak egiteko 9.996 leherketa egin beharko dituzte. Gehienak egin dituzte dagoeneko, 6.000 baino gehiago. Bizilagunek salatu dute pitzadurak azaldu direla etxeetan.1
Lanetan hildako langile kopurua. Lanak hasi zirenetik, langile bat hil da lanetan. 2008ko abenduan zendu zen, Peñascal tunelean, harri bat gainera jausita. Bestalde, gutxienez hiru langile larri zauritu dira; harriak jota, buloiak harrapatuta eta lehergailu bat inguruan lehertuta.Hirugarren zatia, lehenengo biek duten harreraren arabera
Lehen bi zatiek datak zehaztuta dauzkate. Lehena 2011n zabaldu behar dute, eta bigarrena 2015ean da hastekoa. Haiek izaten duten harreraren arabera erabakiko dute azken zatia egin edo ez. Muskizko San Fuentes auzoa eta Trapagaran lotuko lituzke Bilboko hegoaldeko saihesbideko hirugarren zatiak.Errepide proiektuak aurreratu dituzte, krisiari aurre egiteko
Krisi ekonomikoari aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak aurreratu egin ditu sei errepide proiektu, eskualdeak autobideekin lotzen dituztenak. Iazko uda aurretik egin zuen iragarpena ahaldun nagusiak, Jose Luis Bilbaok. Haren arabera, errepide horiek egiteko lanekin, «suspertu» egingo da Bizkaiko ekonomia.Aldundiak ukatu du uholdeak eragin zituela saihesbideak
Urtarril amaieran, uholdeak izan ziren Bilboko Errekalde eta Peñaskal auzoetan. Bizilagunek hegoaldeko saihesbidearen lanei egotzi zieten gertatua. Bizkaiko Foru Aldundiak ukatu egin zuen hori hasieratik, eta aurreko astean Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztutako txostenak berretsi egin du Aldundiak esana.Saihesbidearen lanetan ari ziren bi kamioi erre zituzten
Hegoaldeko saihesbideko lanetan erabiltzen zituzten bi kamioi erre egin zituzten iazko urtarrilean, Barakaldoko Santa Ageda auzoan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ondorioztatu zuen lanen aurkako sabotaje ekintza izan zela hura. Bizkaiko Batzar Nagusiek salatu egin zuten erasoa.«Ur geruzei eragiten ari dira. Iturburu batzuk galdu dira, eta baserritarrak kexu dira, ur gutxiago dagoelako»
JAVIER VAZQUEZ
Barakaldo Naturala taldeko kidea
Bilboko hegoaldeko saihesbideak ez ezik, Hegoaldeko Trenbide Saihesbideak ere igaroko ditu Barakaldoko mendi inguru batzuk. Bi bideak elkarren paraleloan joango dira. Natur interesa duten guneetatik igaroko direla salatu du Barakaldo Naturala taldeak.
Eragin bikoitza jasoko duen ingurua
G. Goikoetxea. BilboBat gutxi ez, eta bi. Kolpetik bi azpiegitura handi hartu beharko dituzte Barakaldoko inguru batzuetan (Bizkaia). Bilboko hegoaldeko saihesbidea egiten ari diren lekutik hurbil, haren paraleloan, trenbide sare berria egiteko asmoa du Espainiako Sustapen Ministerioak. Bilboko portuko merkantziei irteera egokiagoa eman nahi die, kamioien ordez trena erabilita. Gainera, asmoa du trenbide sare berri hori AHT abiadura handiko trenaren ibilbidearekin lotzeko. Horretarako, ordea, natur interesa duten inguruneak zeharkatu beharko ditu trenbideak, saihesbideak bezala.
Barakaldo Naturala taldeak urteak daramatza salatzen Mespelerreka haranean eta inguruan egiten ari diren lanak. Erdiz erdi zeharkatuko du inguru hori Bilboko hegoaldeko saihesbideak. «Barakaldoko birikak dira», dio taldeko kide Javier Vazquezek. «Ez da bakarrik autobidea, trenbidearen proiektua ere hor dago. Gainera, landa lur zirenei kalifikazioa aldatu diete, eta etxeak egiten ari dira». Inguru haietan etxe kopurua bikoiztu egin delaeta, kezkatuta daude Barakaldo Naturala taldeko kideak. Handik ez urrun, Tellitu aldean, harrobia zabaltzeko aukera ireki du Eusko Jaurlaritzak. «Nonbaitetik atera behar da eraikuntza horiek denak egiteko!», dio Vazquezek.
Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea egiteko proiektua martxan dago. Ibilbidearen diseinua egina dute dagoeneko. Proiektua 2008an onartu zuten; 18 kilometroko trenbidea egin nahi dute, eta 2013rako amaitu nahi dute. Aurrekontua 650 milioi eurokoa da. Proiektuari alegazioak aurkezteko epea amaitu ondoren, haiek aztertzen ari da orain Espainiako Sustapen Ministerioa. Barakaldo Naturala taldeak aurkeztu zituen alegazioak, saihesbidearen kasuan egin zuen bezala.
Vazquez kexu da egindakoingurumen azterketetan ez dituztelako kontuan hartzen bi proiektuak; alegia, proiektu bakoitzak bere azterketa du, eta batenean ez da bestea kontuan hartzen. Vazquezen hitzetan, ordea, biek batera ingurumenari egiten dioten kaltea izan behar da kontuan. «Bi proiektuak elkarrekin paraleloan doaz, metro gutxiko distantzian, eta ingurua hirutan banatzen dute».
Babestutako animaliak
Vazquezek dio, azken batean, biek, autobideak eta trenbideak, helburu bera dutela: A-8 autobidea arintzea eta Bilboko portuko merkantzia ateratzea. «Pilotu bakarrarentzat bi moto saltzea bezala da. Ez da beharrezkoa. Edo bat edo beste. Ez dira beharrezkoak errepidea eta trenbidea, eta are gutxiago gauza berbererako badira».
Proiektu horien ordez, inguru haiek «benetan» babesteko plangintzak eskatu ditu Barakal- do Naturala taldeko kideak. «Gure ondarea babestu nahi badugu, lanean jardun behar dugu, eta egiaz babestu». Inguru hartan babestutako animaliak eta galtzeko arriskua dutenak daude: xista arraina, apoarmatu korrontezalea, baso-igel iberiarra...
Arriskuan dauden animalia haiei guztiei autobidea igaroko zaie Mespelerrekako urtegiaren gainetik. Ingurua babesteko neurri gisa, Diputazioak zutaberik gabeko zubibidea egitea erabaki du. Hartara, urtegia ez du ukitu ere egingo saihesbideko errepideak. Zuzenean, behintzat.