Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute Bordelen

Seaskako mila ikaslek egin dute protesta, baxoko azterketetan izena emateko azken egunean. Parisek ez die erantzun oraindik ere

Seaskako ikasleak, aldarrikapenak eskuetan daramatzatela. SEASKA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Bordele
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

Musika, dantza, bertsoak, rapa... eta oihu bat, behin eta berriz errepikatua: «Azterketak euskaraz!». Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoek protesta egin dute Bordelen (Okzitania) brebetako eta baxoko azterketak beren hizkuntzan egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Errektoretzaren bulegoetatik abiatu, eta giza eskubideen plazaraino joan dira, harrabots handian. «Bordelen bildu gara Anne Bisagni-Faure errektoreari eta Pap Ndiaye ministroari errateko hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. «Eskubide horiek errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gara».

Irailean egin zuten bilkura Parisen EEPko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Brebetako zientzien proba euskaraz egiteko aukera aipatu zuten, eta «arrazoizko epeetan» erantzunen zutela erran zieten ministerioko ordezkariek. Baina, ordutik, isilik diraute. Baxoaren gaia ez zuten aipatu ere egin. «Zer demokrazia da gure haurrei gure hizkuntzan mintzatzea eta idaztea debekatzen diena?», galdetu du Jorajuriak. «Zer sinesgarritasun dute Frantziako agintariek mundu osoan lezioak emateko, beren meneko lurretan haurren eskubideak gisa horretan zangopilatzen dituztelarik».

2017 arte brebeta osoki euskaraz pasatzen zuten Seaskako ikasleek, eta baxoan bi ikasgai euskaraz aurkezteko aukera zuten: Historia-Geografia eta Matematikak. Gaur egun, brebetako zientzietako proba frantsesez egitera behartuak dira, eta baxoko azterketetan ez dago deus euskaraz. Azken urteetan, desobedientziara jo izan dute kolegioetako ikasleek, eta Jorajuriak erran du aurten ere 260 ikaslek brebeta osorik euskaraz eginen dutela. Baxoan 135 ikasle aurkeztuko dira, baina, azterketak duen garrantziagatik, ez dute desobedientzia ekintzarik aurreikusten.

Frantziako Hezkuntza ministroari dei egin dio Jorajuriak Bordeletik: «Gogoetarako epea aspaldi agortu zen. Azterketen datak finkatuak direlarik, ezinbestekoa da erabakiak hartzea eta azterketak euskaraz izatea». Mezu bera errepikatu dute ikasleek ere: «Azterketak euskaraz nahi ditugu. Eta ez hurrengo urtean; orain nahi ditugu! Zuen botere ustel horrek gure geroa baldintzatzen du», salatu dute. «Ez dugu amore emango. Ez diogu borrokatzeari utziko nahi duguna lortu arte. Euskal Herrian azterketak euskaraz egitea debekatzen badiguzue, zuen demokrazia zerri askara botako dugu. Ez gara geldituko justizia egin arte eta azterketak euskaraz izan arte!».

Hogei bat autobusetan joan dira Seaskako kideak Bordelera, baina Akitania Berria eskualdeko hiriburuan bizi diren euskal jatorriko zenbait herritar ere bildu dira babesa erakustera. Horien artean, Pierre Hurmic Bordeleko auzapeza bera. Donapaleun (Nafarroa Beherea) sortua dela erran du, eta, euskara mintzo ez badu ere, haren aitortzaren aldekoa dela. Azterketak euskaraz ikasteko eskubidea giza eskubideekin lotu du, eta babesa agertu die ikasleei. «Espero dut errektoretzak zuen eskaera onartuko duela. Atxik ezazue».

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Agurne Gaubeka Erauskin Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak ere parte hartu dute mobilizazioan. «Hemen gaude XXI. mendean ikasleei ez zaielako ahalbidetzen azterketak berezko hizkuntzan egitea», esplikatu du Bilbaok. «Ikaskuntza prozesua euskaraz egin ostean, ezin dituzte beraien jakintzak egiaztatu ikasi duten hizkuntzan. Erabat antidemokratikoa iruditzen zaigu». Azkenik, Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsiak ere erran du ikasleen «aldarrikapen zilegiak» babesten dituela. Brebeta osoki euskaraz egitea beharrezkotzat jo du, eta baxoari dagokionez Seaskak, EEPk eta Bordeleko errektoretzak izenpetutako hitzarmena errespetatzeko eskatu du, «gutxienez». Ahozko Handian ikasgai batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen da bertan. «Bada adostasun sozial bat. Tentsio hauek ez die inori on egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.