Azterketak euskaraz egiteko eskubidea eskatu dute ikasleek Baionan

Baxoa frantsesez pasatzeari buruz galdera egin diote Baionako suprefetari, eta ez du «azterketa gainditu». Ikasle euskaldunek jasaten duten «bazterketa» gaitzetsi dute.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Baionako suprefetura aitzinean. BERRIA
Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Baionako suprefetura aitzinean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko ekainaren 4a
15:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Baionako suprefetura aitzinean. Hiru pankarta zeramatzatela agertu dira Frantziako Estatuaren ordezkaritza aitzinera, eta salatu dute aurten ere frantsesez pasatu beharko dituztela filosofiako eta berezitasunetako baxoko azterketak. «Utz gaitzazue euskaraz mintzatzen eta idazten», zioen leloetako batek. Aurten ere baxoko ahozkoan irakasle batzuek desobedientziara joko dutela iragarri dute ikasleek. 

Esplikatu dutenez, Baionako suprefeturako idazkari nagusiarekin bildu da ordezkaritza bat, eta idazlan bat egiteko proposatu diote, baxoko filosofiako proban egin ohi den gisara gai bat emanda: Zuzena ote da azterketak euskaraz pasatzea debekatzea?. «Geroztik ez dugu kopiaren berririk; azterketan huts egin du. 0/20 nota suprefetarentzat», erran dute, umorez. 

Gabi Arotzarene ikasleak oroitarazi du «aspaldi» hasi zela azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko borroka, eta ez dutela «nehoiz» erantzunik izan. Duela bi urte pilotak bota zituzten suprefeturako teilatura, azterketak euskaraz pasatzeko aukeraren erantzukizuna Frantziako Estatuaren esku dela argi uzteko. Ez zuten erantzunik izan. Iaz, komuneko papera bota zuten. «Geroztik ez da aldaketarik izan. Nola egin behar da uler dezazuen?», galdetu dute ikasleek.

Nota jokoan

Desobedientzia ekintza bat baino gehiago izan dira azken urteetan azterketak euskaraz egitea aldarrikatzeko. Orain dela urte batzuk ikasle batzuek euskaraz erantzun zuten filosofiako proba. Ainara Duhau ikasleak erran du ez dutela baztertzen aurten ere batzuek hautu hori egitea, baina zehaztu du bakoitzak erabakiko duela. Izan ere, eragin handia izan dezake azterketaren notan. 

«Ekintza sinbolikoa da: erakusten du zer diskriminazio jasaten dugun eta nola baztertuak garen», adierazi du Arotzarenek. Haatik, baxoko ahozkorako zuzentzaile euskaldunak izateko antolatzen ari direla iragarri dute. Iaz, ahobizi eta belarriprest txapak jantzirik joan ziren ahozkoetara hainbat irakasle, ikasleei euskaraz pasatzeko aukera eskaintzeko. 

Ikasketa osoak euskaraz egin dituzten ikasleei «zailtasun» bat gehitzen dietela salatu du Arotzarenek. «Gure gurasoek gu ikastolan emateko hautua egin zuten, eta txikidanik euskaraz ikasten dugu. Badu hamabost urte ikastolan garela, dena euskaraz egin dugula. Gure ama hizkuntza da euskara. Ez da normala bazterketa hori sentiaraztea ikasle batzuei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.