Zer dela-eta torturak salatu dituztenen aurkako sarekada bat? Argi dio Iker Morenok: «Min eman diegu Aztnugal kanpainarekin, eta hau izan da beraien haserraldia, beraien erantzuna». Bost urteren ostean, joan den ostegunean geratu zen libre Burlatako gaztea, fiskaltzarekin lortutako akordioaren ondorioz. Gorka Mayo, Iñigo Gonzalez, Gorka Zabala eta Jon Patxi Arratibelekin batera, 4/2014 sumarioan egon da auzipetuta orain arte. 2011ko urtarrilean Guardia Zibilak torturatu egin zuela salatu zuen, beste hiru kidek bezala. CPT Europako Torturaren Prebentziorako Batzordeak ere jaso zuen haien testigantza: «Sinesgarria eta sendoa». Atzo, familia osoa eraman zioten polizia etxera, mural batean horixe salatzeagatik: tortura.
Goiz mugitua izan zen atzokoa Burlatan (Nafarroa). Morenori, 08:00etan telefonoz deitu zion Txelui aitak: «Kalea txakurtuta, poliziaz betea zegoela esan dit. Geroago, beste burlatar bat atxilotu dutela jakin dugu, eta aitak pentsatu du bera ere arriskuan zegoela. Anaiaren [Ibai Moreno] etxe azpira joan gara, eta han ere poliziak zeudela ikusi dugu. Hor esan digute ama [Julia Ibañez] ere atxiloturik zutela».
Oraindik senideak eta gainerako atxilotuak Txintxillako polizia etxean zeudela erantzun dio Morenok BERRIAren deiari. Lehentxeago, amarekin hitz egin ahal izan zuen telefonoz: «Atxiloketa lasaia izan dela esan dit».
Epaiketa bitarte, torturaren gaia gizarteratzen aritu dira Moreno eta gainerako auzipetuak. 2011ko urtarrilean bizi izandakoaren testigantza ere zabaldu dute. Hara Morenok kartzelan idatzi zuenaren pasarte bat: «Buruan nuen presioak hilko ninduela uste nuen. Batzuetan pentsatzen nuen, 'ea nahi gabe hiltzen nauten'. Hilik egotea nahiago nuen han jarraitzea baino». Morenorekin batera, Arratibelek, Zabalak eta Gonzalezek ere salatu zituzte torturak: kolpeak, mehatxuak, oihuak, poltsa... Gerora, Arratibelen kasuak eman zion oihartzuna salaketari. Aztnugal (laguntza, alderantziz) idatzi zuen polizia deklarazioan, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen salaketa hura ez ikertzeagatik. Azkenean akordioa egin arren, fiskaltzak deklarazio horiek erabili zituen zigor eskaerak egiteko.
Gaur, agerraldia
«Ostegunekoa berri ona izan zen, baina horrek ez du kentzen biziarazi diguten guztia», kontatu du Morenok. Maiatzean beste bederatzi lagun epaituko dituzte, aurreko bostak bezala, Ekinekin lotuta. Aurrekoek bezala, torturak salatu zituzten. Auzitegi Nazionalean ziurtatu zuten gisan, hori dena salatzen jarraituko dute Aztnugal-eko bostek. Gaur, agerraldia egingo dute Burlatan bertan, eta ekinbide berriak iragarriko dituzte. «Hori salatzen jarraituko dugu: torturak ez du lekurik mundu honetan, nabarmendu du Morenok
Polizia operazioa Nafarroan
«'Aztnugal' kanpainarekin min eman diegu, eta hau izan da haien erantzuna»
Ama, aita eta anaia atxilo eraman zizkioten atzo Iker Morenori, mural batean tortura salatzeagatik.. 2011n berak salatu zuen guardia zibilek torturatu egin zutela, 4/2014 sumarioko beste hiru auzipetuk bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu