Babes eremua zabaldu nahi du Jaurlaritzak 20 ingurutan

Europako Batasuneko zuzentarauari jarraiki, intereseko tokiak gehiago babesteko planari ekin diote Araban, Bizkaian eta GipuzkoanInguruan eraikuntzak-eta egiteko zailtasun gehiago jarriko dituzte, baina ez galarazpena

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ingurumenaren ikuspegitik garrantzi berezia duten guneak are gehiago babesteko bideari ekin dio Eusko Jaurlaritzak. Europako Batasuneko zuzentarauak hala aginduta, intereseko toki izendatu zituzten inguru zenbait bereziki zaindu beharreko gune bihurtzeko bidea hasi du Ingurumen Sailak. Guztira 20 eremutan ari da aldaketa egiten. Babesa bai, baina erabatekoa ere ez da izango: eraikuntzak-eta egiteko zailtasun gehiago izango da inguru horietan, baina ez galarazpena.

Iragan abenduan hasi zuen guneen izaera aldatzeko bidea Eusko Jaurlaritzak. Europako Batasunak emandako agindu bat dago jatorrian: Europako Batasunaren intereseko toki izendatutako guneek bereziki zaindu beharreko toki izendapena jaso behar dute sei urte baino lehen. Horretarako plana egiten ari da Ingurumen Saila. Babesa handitzeko helburuarekin, orain artekoak baino babes eremu zabalagoak jartzea proposatu du Jaurlaritzak intereseko gune gehienetan. Gizakiek ez eragitea bermatu nahi dute modu horretara.

Denera 20 guneren izendapena aldatzeko bidea hasi du Jaurlaritzak: ibaiak eta itsasadarrak dira 14; sei, mendiguneak. Informazio publikorako epea agortu dute egitasmo gehienek, hiruk izan ezik: Aiako Harrikoa, Garate-Santa Barbarakoa eta Pagoetakoa. 2004 eta 2006 artean izendatu zituzten EBren intereseko toki. Jaizkibel itsasartearen kasua ere hori da.

«Arrazoi soziala»

Gizakiaren eragina jasaten duten inguruak dira, babesa badute ere. Hori bera onartu du Jaurlaritzak, dekretuan: «Hauskorrak dira eta presio handia jasaten dute». Babes eremua zabalduta, ingurua eta han bizi diren landareak eta animaliak babestuko dituzte.

Babesa areagotzeak ez du ekarriko inguru horiek eraikuntzatik-eta erabat babestuta uztea, ezta hurrik eman ere. Eragin kaltegarria izatekotan, ez, ezingo da egin obrarik. Salbuespen bat bada, ordea: «Arrazoi sozial eta ekonomikoengatik beharrezkoa izatea. Kasu horretan egin ahalko dira, eragindako kalteak arintzeko neurriak hartuz». Hala dio German Alonsok, Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.