Babes instituzionala galdeketei

Igandeko kontsulten aldeko ebazpen bat onartuko dute etzi Gipuzkoako Batzar Nagusiek. EAJren eta EH Bilduren idatziak «erabaki eskubidearen gauzatze praktikoa» babestu du

Markel Olano (EAJ) eta Xabier Olano (EH Bildu), iazko maiatzean, Donostian, foru bozen kanpainan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
enekoitz esnaola
Donostia
2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Datorren igandeko 34 herritako galdeketetatik 32 Gipuzkoan izango dira, eta herrialdeko Batzar Nagusiek etzi babesa agertuko diete kontsultei, ebazpen bat onartuta. EAJko eta EH Bilduko batzar taldeek ebazpen bat adostu dute, eta etzi izango da bozketa Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Foru Batzordean. 09:30ean hasiko da bilera, gai bakarrarekin. Ahal Dugu abstenitu egingo da ziurrenik.

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko batzarkidea eta Xabier Olano EH Bildukoa aritu dira ebazpena adosten, eta presazko izaerarekin aurkeztu dute Batzar Nagusietan aipatutako batzordean—Ernesto Merino EH Bildukoak ere sinatu du idatzia—. Bi indar politikoek gehiengo osoa dute bertan eta, horrenbestez, idatzia onartu egingo da. EAJk bost ordezkari ditu, EH Bilduk lau, PSE-EEk bi, eta Ahal Dugu-k eta PPk bana. Sozialistek —jeltzaleen bazkideek foru gobernuan— eta PPk kontrako botoa emango dute. Ahal Dugu-ko iturriek BERRIAri adierazi diote gaur zuzenketa bat aurkeztuko diotela egileen idatziari, baina, hala ere, «ziurrenik» abstenitu egingo direla etziko bozketan. «Erabakitzeko eskubidearen alde gaude, baina gai sozialetarako ere bai; haietan ere galdetzea nahi dugu. Adibidez, orain errauste plantari buruzko galdeketa eskatu dugu. Bestalde, lurralde auzietan EspainiakoEstatuarekin aldebiko akordioa behar da galdeketara deitzeko».

EH Bilduk eta EAJk adostutako ebazpenak sarreran dakar galdeketak antolatuta «demokrazian sakontzeko ariketa herritarra» egingo dutela Gipuzkoako udalerri haiek igande honetan, ekainaren 5ean. Goierriko 23 herrietan—Batzar Nagusien arabera, 22 dira, ez dituztelako bereiziak Ezkio eta Itxaso—, Debagoieneko zortzietan eta Azpeitian izango dira kontsultak; denetan herri plataformek deituta, eta guztietan, euskal estatuari buruz —Debagoienean eta Azpeitian, euskal estatu independenteaz, eta Goierrin, burujabeaz—. Ispasterren (Bizkaia) eta Aramaion (Araba) ere egingo dituzte antzeko galdeketak igandean —azkenekoan, Debagoienekoekin batera—. «Gure ustez, gipuzkoarron ordezkaritza duen ganbera honek bere erabateko babesa eskaini beharko lioke [Gipuzkoa mailako] ekinbide horri». Horretarako, ebazpena galdeketak egin aurretik eztabaidatuko dute foru batzordean, etzi, eta orduantxe bozkatuko. Baita onartuko ere.

Ebazpen laburra eta zehatza

Hiru puntu ditu ebazpenak, eta zehatza da. Aurrenak dio euskal herritarrek «eskubidea eta gaitasuna» dutela «Euskal Herriko etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko, eta libre eta demokratikoki adierazen duten borondatea errespetatua izateko», eta Batzar Nagusiek babestu egiten dutela hori. «Demokrazia herritarron erabakia» dela dio bigarren puntuak, «eta, beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatzeademokraziaren agerpen gorena» dela aldarrikatu nahi dute Batzar Nagusiek. Aldarrikapenak gauzatzera igarotzeko ekinbideak baloratu eta sostengatu egin behar direla aitortuko dute. «Ekainaren 5ean Gipuzkoako 31 herritan herri ekimenez burutuko den erabakitzeko eskubidearen gauzatze praktikoa» babesten dutela dakar ebazpenen proposameneko hirugarren eta azken puntuak, «eta herri horietako herritarrei parte hartzeko deia egin diete».

Duela bi urteko ekainean ere azaldu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak erabakitzeko eskubidearen alde, Aralarrekin batera Bilduk eta EAJk ebazpen bat onartuta. Erabakitzeko eskubidea «ideologia politiko zehatzetatik harago demokrata guztientzako bilgunea» dela argudiatu zuten, eta ebatzi oinarrizkoa dela «herri honentzat» hori gauzatzea. «Herritarren parte hartzea eta bultzada funtsezkoa da», zioten, orobat. Aurkako botoa eman zuten PSE-EEk eta PPk. Iazko irailean, Kataluniaren erabakitzeko eskubidea ere babestu zuten Batzar Nagusiek, EAJren eta EH Bilduren botoekin. Berriro kontra azaldu ziren PSE-EE eta PP. Ahal Dugu abstenitu egin zen, arestian aipatutako antzeko arrazoiengatik. Azken urteetan EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean ere erabaki eskubidearen aldeko ebazpenak onartu izan dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.