Babes ofizialeko etxe bat eskuratzeko gehieneko diru sarrerak % 8,5 igoko ditu Jaurlaritzak

27.125 eurora eguneratuko ditu babes ofizialeko etxeak eskuratzeko gehieneko diru sarrerak. Iñaki Arriolak iragarri du «berehala» hartuko dutela erabakia, familiarik ez geratzeko sistematik kanpo.

Etxebizitza berrien obrak, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko irailaren 22a
11:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzak % 8,5 handituko ditu etxebizitza publiko bat erosi edo alokatu ahal izateko gehieneko diru sarrerak, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak gaur iragarri duenez. Inflazioaren gorakadari aurre egiteko eta gehienezko muga hori gainditzeagatik sistematik kanpo geratzen den familiarik ez egoteko egingo dute aldaketa. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du iragarpena Arriolak, PSE-EEk egindako galderari erantzunez. Igoera horren agindua «laster» bidaliko dio Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluari, eta orduan jarriko da indarrean.

Gehieneko diru sarreren muga 25.000 eurotik 27.125 eurora igaroko da alokairuko babes sozialeko etxeei dagokienez; 39.000 eurotik 42.315 eurora igoko da erregimen orokorreko babes ofizialeko etxe bat alokairuan edo erosketan aukeratzen dutenentzat; eta 50.000 eurotik 54.250 eurora tasatutako etxeei dagokienez.

Etxebiden izena emanda egoteko diru sarreren mailak kalkulatzeko, PFEZaren aitorpena erabiltzen da, eta faktore zuzentzaile bat aplikatzen da, bizikidetza unitatearen ezaugarrien arabera. Gehieneko diru sarrera haztatuak gainditzen badira, babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko aukera galtzen da. Egoera hori saihestu nahi dutela azaldu du Arriolak, inflazioaren ondorioz pertsona asko babes sozialeko sistematik at gera ez daitezen. Egun, babes ofizialeko etxe bat nahi dutenen 17.000 eskaera tramitatzen ari da Etxebide.

Arriolak iragarri du eguneraketa berria etxebizitzarako eskubide subjektiboari buruzko etorkizuneko dekretuaren azken xedapenean jasoko dela, eta datozen asteetan onartuko dela. Dekretua onartzen denean, % 8,5eko eguneratzea egingo da, eta urtero KPIra egokituko da urtarrilaren 1ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.