Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, krisi ekonomikoaren ondorioz joera aldaketa bat gertatu da babes ofizialeko etxebizitzen eskarian. Lehen aldiz, gehiago dira etxebizitza horiek alokatzeko eskatzen dutenak erosteko eskatzen dutenak baino.
Etxebideko eskariak kontuan hartuta, aldaketa hori Araban ikusi dute gehien. Babes ofizialeko etxebizitza bat eskatu dutenen %81,5ek alokairuan nahi dute. Bizkaian kopurua %53koa da. Gipuzkoan oraindik ere erosi nahi dutenak alokatu nahi dutenen gainetik daude. Dena den, lurralde horretan ere bien arteko aldea gutxitu egin da. «Krisiaren ondorioz gertatu da joera aldaketa hori. Jendeak gero eta zailtasun gehiago ditu etxe bat erosteko finantzaketa lortzeko. Laneko segurtasunik ezak ere ez die laguntzen erosteko pausoa ematera», esan du Covadonga Solaguren Etxebizitza sailburuordeak.
Horren adierazle, Solagurenek azaldu du 2012ko abendutik 2013ko uztailera bitarte jaitsi egin direla babes ofizialeko etxebizitza bat eskatzen dutenen batez besteko diru sarrera ponderatuen kopuruak. Urtean 15.897 euroan dago kopuru hori. 2008tik ez zegoen horren baxu. Araban dituzte eskatzaileek diru sarrera baxuenak, eta Gipuzkoan altuenak.
Eusko Jaurlaritzak hainbat aldaketa egin zituen babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko araudian. Horren arabera, besteak beste, eskaria egiten dutenek etxebizitza erostearen edo alokatzearen artean aukeratu behar dute hemendik aurrera. Ezin dute bi zerrendetan egon.
Maiatzean informazio kanpaina bat egin zuen Etxebidek, aldaketa horien berri emanez eta araudi berria kontuan hartuta eskarian aldaketak egiteko aukera jarriz. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Etxebiden izena emanda dauden 84.780 pertsonetatik 19.154k egin dute aldaketaren bat eskarian: %23k, hain zuzen. Eskaria aldatu dutenen artean, %88k eskari mota aldatu dute, hau da, alokairuaren alde egin dute.
Bestelako aldaketa batzuk ere egin dituzte eskatzaileek, Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Adibidez, 3.986k erroldatuta dauden herria aldatzeko eskatu dute; Etxebiden izena emanda dauden %4,7 dira horiek. 16.311k, berriz, lan egiten duten herria aldatzeko eskatu dute.
Babes ofizialeko etxeak: erosi baino gehiago, alokatu
Krisiaren ondorioz, eskatzaileen artean joera aldaketa bat gertatu da Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu