Sanferminetako talde bortxaketatik hamar urtera (V). Izuaren zabalkundea

Badaezpadako neurriak gizonen erantzukizunik ezari

Azken urteotan, sexu erasoen aurkako prebentzio mekanismoak antolatu dituzte emakumeek, bai indibidualki, bai kolektiboki. Horrek, ordea, emakumeen askatasuna «arautzen eta mugatzen» duela uste du Barjolak, eta hedatu egiten du eraso bat jasateko izua.

IRATI PELUAGA
IRATI PELUAGA
maddi iztueta olano
2026ko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Kontuz ibili, ez galdu lagunak, jantzi gona luzexeago bat, estali bularra, ez zaitez ezezagunez fio; eta, batez ere, ez itzuli etxera bakarrik. Hartu taxi bat, deitu lagunari, joango da norbait zure bila. Ibili jende asko dagoen lekuetan, ez edan gehiegi, zaindu edalontzia. Badaezpada, bidali kokapena amari, ahizpari, lagunei; jakin dezala norbaitek une oro non zauden. Eta ondo pasa, baina pasatu gabe. Neurrian. Badaezpada. Irakurleren batek baino gehiagok entzungo zuen halakorik noiz edo noiz; ez dira, ordea, aholku soilak, indarkeria matxistak emakumeengan txertatutako beldurraren ondorioz garatutako prebentzio mekanismoak baizik. «Gizartearen parte handi batentzat, emakumeen askatasun sexuala mehatxu bat da, eta, hori mugatzeko, beldurra eta arrisku sexuala indartzen duten diskurtsoak aktibatu dituzte estrategia politiko baten barruan», azaldu du Nerea Barjola politologo eta ikertzaile feministak. 

Iruñeko sanferminetako talde bortxaketak hamar urte beteko ditu etzi: bost gizonek emakume bat bortxatu zuten 2016ko uztailaren 6ko gauean. Eraso horrek inoiz ez bezalako erreakzio eta gaitzespen soziala eragin zuen, eta lehen lerrora eraman zuen indarkeria matxistari buruzko eztabaida. Ez da abusua, bortxaketa da eta nik sinesten dizut leloek ez zuten soilik justizia patriarkal baten aurkako jarrera adierazi, baita emakumeen askatasun eta desira sexualaren berrespen kolektibo bat ere, eta jopuntuan jarri zuen indarkeria zer den eta nola interpretatu behar den», azaldu du Barjolak. 

Elkarrizketa horietan, baina, ez zen soilik erasotzaileen eta haien indarkeria zilegitzen duen sistema oso baten inguruan hitz egin; beste behin, biktima auzitan jarri zen, eta izua hedatu. Barjolak azaldu duenez, arrisku sexualari buruzko diskurtsoak «komunikazio estrategia baten parte» dira, eta emakumeen jokabideak «arautzea eta mugatzea» dute helburu. Diskurtso hori maiz ez da aise atzematen, «babeserako neurri» gisa aurkeztu ohi baita: «Babesa nozio politiko bat bihurtzen da, emakumeen askatasun sexuala sakrifikatzen duena, nahiz eta oinarrizko eskubide bat izan». Ideia horrekin bat dator Rut Iturbide NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, eta gehitu du helburu argi bat duela: «Indarkeria egiturazkoa da, oso funtzionala baita, eta zuzenean eragiten digu, dominaziorako eta kontrolerako tresna bat baita, kolektiboa gainera».

«Gizartearen parte handi batentzat, emakumeen askatasun sexuala mehatxu bat da, eta, hori mugatzeko, beldurra eta arrisku sexuala indartzen duten diskurtsoak aktibatu dituzte estrategia politiko baten barruan»

NEREA BARJOLA Politologo eta ikertzaile feminista

Proiektu politiko horrek eragin zuzena du emakumeen egunerokoan: joan-etorriak mugatzen dizkie, hartzen dituzten erabakiak baldintzatzen ditu, eta desiraren, plazeraren eta askatasunaren gaineko kontrol sistema bat ezartzen du, besteak beste. Zigorraren edo sariaren araberako portaera jakin bat indartzen du: zigortu egiten du «transgresioa», eta saritu «ordena erreproduzitzea». Are, Iturbideren arabera, emakumeek barneratuta dauzkate asmo zuzentzailea duten abisuak eta jokabidea zehazten duten arauak, hala nola gizonekin «jatorregiak» ez izatea, «nahasbiderik» ez izateko haientzat. Finean, izuaren diskurtsoak emakumeen bizkar uzten du indarkeria matxista, baita erasoak prebenitzeko neurriak hartzea ere. Alabaina, zer uzten da gizonen esku?

Bada, Barjolak nabarmendu duenez, sexu erasoen erantzukizuna emakumeei egozteak funtzio bat betetzen du: «Izan ere, arreta gizonengan jartzeak sexu indarkeria politizatzea dakar, baita matxismoaren eredu politiko, sozial, kultural eta ekonomikoa sostengatzen duten zutabeak kolokan jartzea ere». Hala, biktima mozkor zegoen edo ez eztabaidatzeak, egun hartan zeraman janzkera epaitzeak eta haren desiraren eta praktika sexualen inguruan hitz egiteak «bortxaketaren kultura» indartzen dutela iritzi dio Barjolak; esan duenez, helburu argia dute halakoek: erasotzaileei erreparatu beharrean indarkeria matxista emakumeen jokaeren bidez justifikatzea. 

«Indarkeria egiturazkoa da, oso funtzionala baita, eta zuzenean eragiten digu, dominaziorako eta kontrolerako tresna bat baita, kolektiboa gainera»

RUT ITURBIDE NUPeko irakaslea

Indibidualki ez ezik, emakumeek eta talde feministek kolektiboki ere abiarazi behar izan dituzte prebentzio eta zaintza mekanismo batzuk azken urteotan. Horren adibide dira, esaterako, jaietan indarkeria matxistari buruzko informazioa hedatzeko eta erasoak salatzeko antolatzen diren puntu moreak eta hainbat herritan osatzen diren etxeratze kolektiboak. «Geure burua babesteko, espazio publikoetan daukagun presentzia murrizten dugu», azaldu du Iturbidek, eta salatu du emakume askok inguruko gizonak —hala nola bikotekidea, lagunak eta senideak— «hezi» behar dituztela, haiek ez dutelako dagokien ardura hartzen. «Gure gizarteetan oraindik ere zerbait indarrean eta indartsu baldin badago, gizonek historikoki izan duten babesa eta pribilegioa dago indartsu», azpimarratu du Barjolak.

Gizon «arruntak eta jatorrak»

Bost gizon arrunt dira sanferminetako talde bortxaketako erasotzaileak; haien gisako ehunka gizon ikus daitezke edozein herritako kaleetan barrena; lan egiten duten, senideak eta lagunak dituzten gizon arruntak dira. Eta, halere, ezohiko subjektutzat jotzen dira maiz, giza ezaugarri oro kentzeraino. «Erasotzailea gizartetik at bizi den munstrotzat hartzea indarkeria matxista sostengatzen duten botere harremanen eta pribilegio maskulinoen inguruan hausnartzeari uko egitea da», salatu du ikertzaileak. Munstroaren kontzeptua hain zabalduta egotea ez da kasualitatea, ordea, lasaigarria izan baitaiteke batzuetan: «Munstroaren figurak gure zirkulutik at kokatzen du beldurra, nahiz eta feminismoak azpimarratu eta frogatu duen indarkeria matxista ez dela ezohiko gertaera bat, egiturazkoa baizik, eta maite ditugun gizonak izan ohi direla hori erreproduzitzen dutenak». 

«Erasotzailea gizartetik at bizi den munstrotzat hartzea indarkeria matxista sostengatzen duten botere harremanen eta pribilegio maskulinoen inguruan hausnartzeari uko egitea da»

NEREA BARJOLA Politologo eta ikertzaile feminista

Erasotzaile gehienak biktimaren ezagunak direla berretsi du Iturbidek; are, jakinarazi duenez, iaz Nafarroan egindako ikerketa baten arabera, erasotzaileen %89. «Erasotzailea mamu baten gisa irudikatu ohi da, zaila da haren profila eta ezaugarriak zehaztea eta identifikatzea; baina edonor izan daiteke. Horrek ez du esan nahi gizon guztiak erasotzaileak direnik, noski; baina maskulinitate hegemonikoak indarkeria erraztu eta justifikatzen du, eta hori onartu beharreko errealitate bat da».

Sanferminetako talde bortxaketako erasotzaileek aski ezaguna den ezizen bat erabili zuten erasoa egin aurretik, eta prozesu judizialean zehar ezizen horixe bera erabili izan da haien inguruan hitz egiteko, bai hedabideetan, bai gizartean: La manada (otso taldea). Barjolaren arabera, ezizen horrek agerian uzten du gizartean oso zabalduta dagoen beste kontzeptu bat: gizonak beren «instintu sexuala kontrolatzeko gai ez diren animaliak» direla. Eta ideia horrek «eragin handia» dauka sexu erasoen trataeran: «Lotura horiek egiteari utzi behar diogu, indarkeria normalizatzeak zilegi bihurtzen baitu gizonen arteko tratua, indarkeria kolektiboa berresten du; eta hori da, hain justu, problematizatu eta hautsi behar duguna». 

Indarkeriari gorazarre

Ultraeskuinak gora egin du, eta olatu erreakzionario horrek indarkeria oinarri duten zenbait ismo ekarri ditu herrestan, hala nola faxismoa eta matxismoa. Sare sozialetako zirrikituetatik sartu eta bideo laburren bidez anplifikatu dira maskulinitate hegemonikoari gorazarre egiten dioten mezuak, eta horietako askok horixe defendatzen dute, zera: emakumeek zaindu egin behar dutela nola jantzi, hitz egin eta bizi; eta gizonak, aldiz, biologikoki daudela prest sexu gogo eta desira handia izateko. «Berdintasunaren aro neoliberalean gaude egun, eta hori despolitizazioaren ondorioa da. Subjektu jakin bat dago indarrean: neoliberala; horren arabera, arrakasta eta erantzukizuna indibidualak dira, emozioak norberak kudeatu behar ditu, eta analisi orotatik at uzten dira egiturazko eragileak, zeintzuek gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak azaltzen eta zehazten dituzten», azaldu du Iturbidek.

«Subjektu jakin bat dago indarrean: neoliberala; horren arabera, arrakasta eta erantzukizuna indibidualak dira, emozioak norberak kudeatu behar ditu, eta analisi orotatik at uzten dira egiturazko eragileak»

RUT ITURBIDE NUPeko irakaslea

Halako ideiek Barjolak azaldutako estrategia bera erreproduzitzea dute helburu, hots: «Emakumeen bizipenak eta ekintzak jartzen dira auzitan, gizonei indarkeria erreproduzitzeko aukera eta babesa ematen dieten baldintzei erreparatu beharrean». Epaiketa horrek, gainera, ez du etenik; are, indartu egiten da emakumeak salaketa jarri ostean, edo salaketarik jartzen ez badu. Politologo feministaren arabera, sexu erasoak salatzen dituzten emakume askoren helburua ez da erasotzailea zigortzea, pairatutakoa, «sozialki eta instituzionalki aitortzea» baizik.

Halere, orduan ere aktibatu egiten dira emakumeen bizipenak zalantzan jartzen dituzten mekanismoak. «Erasoak hierarkizatu eta alderatu egiten dira, emakumeen bizitzan duten egiazko eraginari erreparatu gabe, eta sozialki bortizkeriatzat jotzen dena soilik aitortzen da indarkeria gisa», gehitu du Barjolak. Horri aurre egiteko aterabide bat proposatu du Iturbidek: «Ezinbestekoa da pentsamendu kritikoa sustatzea, eta egiturazko arazoen inguruan hitz egiteko esparru kolektibo eta kritikoak sortzea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA