Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Marian Beitialarrangoitia. EH Bilduko Gipuzkoako diputatua

«Badago aukera beste gehiengo batzuk artikulatuz joateko»

Beitialarrangoitiak uste du igandeko hauteskundeen emaitzak ongi aztertuz gero badaudela zantzuak berriro «altxatu» eta etorkizuneko bidea«indartzeko». Etxe barruan egin beharreko lana dela dio.

Edurne Begiristain.
2015eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
EH Bilduk igandean jasotako kolpeaz autokritika egin du Marian Beitialarrangoitiak (Legazpi, Gipuzkoa, 1968). Uste du koalizioa ez dela kapaz izan ongi azaltzeko bozen garrantzia Euskal Herriko ikuspegitik. Epe motzean erabakiak hartu beharko direla dio.

EH Bilduren emaitzak espero zenituen?

Inolaz ere ez. Gure kalkulurik ezkorrenek ere ez gintuzten bi ordezkarirekin uzten Madrilen. Oso kontziente ginen duela lau urte oso egoera berezi batean iritsi ginela Kongresuko hauteskundeetara, eta azkenengo bozetan esan genuen prozesu bat irekitzen genuela autokritikatik hasita etorkizuneko EH Bildu indartsu bat egiteko. Halaber, jabetzen ginen zailtasunak izan genitzakeela Madrilgo bozak Euskal Herrirako zein garrantzitsuak diren azaltzeko. Baina garbi dago jende batek ez dituela boz hauek guk ulertzen genituen klabean ulertu, eta ez garela gure mezua emateko kapaz izan. Gizartearen zati batekEstatu mailako klabeetan ulertu du eta pentsatu du eraginkorragoa zela momentu honetan Estatuan aldaketa ekar dezakeen indar baten alde egitea, hemen aldaketaren alde egin dugunon aldeko apustua egitea baino. Horregatik diogu inolako aitzakiarik gabe emaitza txarrak direla.

Estatu ikuspegiaz harago, zein beste aldagaik eragin dute EH Bilduren boto galeran?

Azterketa sakon bat egin beharko dugu, beti egoten direlako aldagai bat baino gehiago. Egia da gu hiru ardatz nagusirekin joan garela hauteskundeetara eta hiru ardatz nagusi horietan Ahal Dugu ahalegindu dela EH Bildutik gertu egon zitekeen mezua ematen. Batetik, eraldaketa sozialean. Guk erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dugunean ez dugu klabe identitario-abertzale batean soilik egiten, klabe sozialean ere hitz egiten dugu. Erabaki txikiak eta handiak hartu nahi ditugu, gure oraina eta etorkizuna erabaki nahi ditugu; eraldaketa sozialaz ari naiz, pentsio sistemaz, lan erreformaz... Saiatu gara klabe sozialean ere hitz egiten, baina bistan da ez dugula lortu jendeak hori ulertzea. Uste dugu Euskal Herrian lortu daitezkeela horretarako gehiengoak, eta Madrilen ikusita zein panorama irekia gelditu den, Podemosek oso nekeza du urratsak egitea gehiengoak artikulatzeko. Gauza bera esan dezaket gatazkaren ondorioen konponbideari dagokionez. Eta, hirugarrenik, Podemosek erabakitzeko eskubidearen alde egin du, baina Konstituzioaren erreforma baten bidez lortu nahi du. Eta Estatuan gauzak geratu diren moduan, aldaketa hori nekez etorriko da.

EH Bilduren emaitzak abiapuntu txarra dira EAEko bozei begira?

Emaitza txar batzuk inoiz ez dira abiapuntu on bat, baina badaude zantzu batzuk ongi irakurtzen asmatzen badugu abiapuntua izan daitezkeenak etorkizunean zer landu behar dugun aztertzeko, berriro altxatzeko eta gure bidea indartzeko. Batetik, bi heren erabakitzeko eskubidearen eta konponbidearen alde gaude, programei begiratuta bederen. Eta bestetik, aldaketa sozialaren alde inoiz egon ez den gehiengo bat dago. Alde txar guztiak baztertu gabe, Euskal Herriaren egoerari begira finkatu dira oinarri batzuk eta horiek ongi irakurtzen jakin behar dugu. Neurri handi batean etxe barrura egin behar dugu ariketa hori, gure esku dagoelako egoera honi buelta ematea. Egia da hauteskunde bakoitzak bere gakoak dituela, baina hori ezin da aitzakia izan pentsatzeko urtebete barru gauzak ezberdinak izango direla. Hala ere, badago aukera beste gehiengo batzuk artikulatuz joateko eta beste politiken norabidean urratsak egiteko.

Koalizioaren barruko orekan eragin dezakete emaitza hauek?

Argi dago koalizioak ardura bat daukala eta bere baitan duen aniztasun hori ongi jaso behar dugula. Eta horrek eraman behar gaitu erabaki batzuk hartzera, baina oraindik goiz da erabaki horiek nondik hartu behar diren jakiteko. Guk jarraitzen dugu pentsatzen EH Bildu gehiago behar dugula, horregatik eskatzen diogu gure familia politikoari konfiantza eta denbora; maiatzetik hasiak gara autokritika bat egiten, baina ez dugu denborarik izan oraindik erabaki guztiak hartzeko. Atzokoaren [herenegun] ostean, erabaki gehiago hartu beharko dira epe motzean.

Bi diputatu izango zarete Madrilen. Zein aukera duzue han eragiteko?

Aztertu behar dugu hurrengo lau urteetan Madrilen egingo duguna. EH Bilduk proposatzen duen bidearen defentsa babes gutxiagorekin egingo dugu, baina lehen bezain ozen. Argi dago gure ordezkaritza maila aldatuko dela, baina ez gure helburua. Talde txikia gara, baina gure mezua lehen bezain ozen esateko moduan gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.