Euskararen arloko ikertzaileak

Olatz Altuna eta Jaime Altuna: «Badago kontzientzia bat guraso euskaltzaleen artean: haurrek, momentu jakin batean, euskara utziko dute»

Ume txikien gurasoei galdera eginez, haien hizkuntza hautuak aztertuta, ikerlan bat egin dute Olatz Altunak eta Jaime Altunak; Bilbon egin dute, toki erdaldunetan, baina ondorioek balio dute beste hainbat tokitan ere gertatzen dena ulertzen saiatzeko.

ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haurren jaiotza aldaketa sakon askoren motiboa izaten da familietan, eta orduan egiten diren hizkuntza hautuak aztertzeak berebiziko garrantzia du soziolinguistikan, jakin egin behar baita zer motibo eta zailtasun dituzten gurasoek hizkuntza hegemonikoen gainetik euskara lehenesteko. Aurrez eginak dira hainbat ekarpen bidean, eta beste bat egin du orain Soziolinguistika Klusterreko ikertzaile Olatz Altunak (Usurbil, Gipuzkoa, 1971), EHUko irakasle eta gizarte antropologo Jaime Altunarekin (Villabona, Gipuzkoa, 1973) eta Josu Ozaitarekin lankidetzan, Bilboko Udalaren enkarguz. Hiriko bi barrutitan egin dute, Deustun eta Alde Zaharrean, ume txikiak dituzten guraso hainbati galdera eginez. Haiek eman dituzten erantzunetan hitz bat egin zaie nabarmengarria ikertzaileei: «Gaitza». Hain justu ere, zaila da eremu erdaldun horietan, eta Euskal Herriko beste askotan, euskaraz sozializatzea, eta umeak euskaraz haztea eta heztea. Hala ere, kaleko erabileraren neurketek erakusten dute txikienekin bederen euskaraz aritzeko joera. Horra, adibiderako, Bilbon zer gertatzen den. Euskararen kaleko erabilera orokorra ainguratuta dago urteotan: %3,5ekoa da. Baina argia da umeekin propio euskaraz egiteko ahalegina: «Erabilera handiena haurrak eta adinekoak elkartzen diren elkarrizketa mota horietan izaten da; azken datuetan ia %9ra iristen zen». Jaime Altunak eta Olatz Altunak hizpide izan dute ikerketa.

Haur txikiak dituzten Bilboko gurasoei galdera egin diezue, haurrak euskaraz hazteko dituzten aukeren eta zailtasunen inguruan. Haiek esandakoen artean zer iruditzen zaizue bereziki nabarmengarria? 

Jaime Altuna: Ideia nagusia da Bilbon zaila dela. Nolabait ere, sentsazioa da Bilbon euskaldun asko daudela, baina oso sakabanatuta, eta ez dagoela gune trinkorik. Baina, era berean, jaso ditugu lagungarriak diren elementuak, eta Bilbon bertan daudenak. Bat eskola da, baina eskola ez bakarrik haurrek euskaraz egiteko duten eremu bezala; familiekin lotuta, eskolak badira eremu batzuk hortik kanpo sortzen diren zenbait harremanetarako ere, eta eremu horiek laguntzen dute euskaraz egiten. Gero, gainera, ikusten da badaudela familia asko erreferente direnak: euskararen alde aritzen dira. Eta ikusi dugu gurasotasunarekin lotutako hizkuntza muda gertatzen dela. Bada muda garai bat, baina gero agertzen dira zalantza batzuk ere: muda hori erabatekoa den, edo tarte batekoa. Azpimarratuko nuke badagoela kontzientzia bat guraso euskaltzaleen artean ere: haurrek, momentu jakin batean, euskara utzi egingo dute, eta gaztelaniaz egingo dute. Horren nahiko kontziente dira, nahiz eta horrek amorrua, pena, etsipena sortzen duen. Batzuetan errudun ere sentitzen dira. Hori ere ikusi dugu. Eta gero, bueno, oso garbi geratu da eremu ez-formalaren eta informalaren garrantzia ere, eta hor zer zailtasun dauden euskaraz bizitzeko.

Olatz Altuna: Aipatzen ditugunean euskararen biziberritzea sustatzeko lanak, planak eta politikak, askotan buruan dauzkagu administrazioa, udala, hizkuntza politika... Baina ikusi dugu familietan ere hainbat erabaki hartzen direla, batzuetan oso agerikoak, besteetan ez hainbeste, eta hor plangintza egiten dela. Azken urteotan hasia da soziolinguistika hori ikertzen, eta ikusi dugu benetan badirela halako testuinguru erdaldun eta ez hain abegikorretan ere eraginkorrak diren estrategia batzuk. 

«Badira halako testuinguru erdaldun eta ez hain abegikorretan ere eraginkorrak diren estrategia batzuk»

OLATZ ALTUNASoziolinguistika Klusterreko ikertzailea
Gurasotasuna usu hizkuntza mudarako motiboa izaten dela aipatu duzue. Nahiko orokortuta dago gurasoen artean hor euskararen aldeko hautua egitea?

Jaime Altuna: Ez dakit hautua orokortuta dagoen; guk ikusi duguna da saiakera bat egiten dela. Aztertu dugun eremuan zaila da topatzea heldu guztiek euskaraz egiten duten testuinguruak. Bikoteetan, biak euskaldunak izanda ere, batek igual zailtasun gehiago ditu, eta joera du gauza batzuk gaztelaniaz egiteko. 

Olatz Altuna: Ikusi dugu familiako hizkuntza euskara izate hori oso maila ezberdinetan gerta daitekeela. Jakina, abiapuntua zein den oso garrantzitsua da: gurasoek euskaraz dakiten, edo zenbateraino. Baina badute gogoa eta nahia haurrek euskara ikas dezaten eta, ahal dela, hitz egin dezaten. Lehen Jaimek aipatu du: nahiz eta jakitun izan umeek gaztelaniaz hitz egingo dutela azkenean, gurasoak prozesu hori atzeratzen saiatzen dira, eta familian ere euskarari presentzia eman nahi zaio. Bakoitzak bere mailan egiten du hori. Askorentzat da, adibidez, ostiraletan Go!azen edo Irabazi Arte familian ikustea. Edo ipuinak euskaraz kontatzea. Edo musika euskaraz jartzea. Edo saiatzea auzoan dauden euskararen aldeko egitasmoetara joaten. Nolabait ere, bakoitzak ahal duen neurrian, lehen aipatu ditugun estrategia horiek ditu. 

Beraz, euskararen aldeko hizkuntza muda hori bakoitzak bere tamainan egiten du, eta bere erara. Ikus-entzunezkoen bidez, euskaraz jarduteko sareak trinkotuta, euskarazko musikaren bidez...

Jaime Altuna: Bai, eta beste batzuentzat izango da euskara ikastea: euskaltegian izena ematea. Gurasotasuna horretarako garaia ere bada, hori egitekoa. 

Olatz Altuna: Oro har, ikusten da garai horrek potentzial handia duela. Seguruenera orduan planteatzen duzulako zure seme-alabekin zer hizkuntzatan hitz egin nahi duzun, edo zer hizkuntza gustatuko litzaizukeen haiek hitz egitea. Batzuetan oso esplizitua da, besteetan ez, baina hori badator zure bizitzako garai horretan. 

«Hizkuntza mudaren inguruan egiten diren azterketa askotan oso modu estatikoan ulertzen dira aldaketa horiek, baina gorabeheratsuak dira»

JAIME ALTUNA Gizarte antropologoa

Jaime Altuna: Baina ikerketa honetan ikusi dugu hizkuntza muda hori askotan tarte baterako dela. Haurrak txikiak diren bitartean egiten da esfortzu hori, eta iristen da momentu bat non ja muda horretan atzera egiten den: guraso batzuek erabakitzen dute ja ezin dutela eta gaztelaniaz egingo dutela. Hori nik uste kontuan hartu behar dugula, zeren eta hizkuntza mudaren inguruan egiten diren azterketetan askotan oso modu estatikoan ulertzen baitira aldaketa horiek, baina gorabeheratsuak dira. Nerabeekin-eta egindako ikerketetan agertu izan da hori, eta hemen ere nahiko argi agertu da mudaren dinamikotasun hori.

Olatz Altuna: Eta garrantzitsua da hori esatea: prozesua atzera-aurrerakoa dela esan behar da. Izan ere, jaso izan dugu horrek dakarren etsipena eta pena, erruduntasuna ere bai zenbaitetan, eta garrantzitsua da esatea: «Bueno, egin duzu pausotxo bat». Izan ere, ikusi dugu jendea utzi duena, eten bat egin duena, eta gero berriro hasi dena

Zein izaten da adin kritikoa? Noiz hasten dira gurasoak sentitzen umeak erdaraz hasiko direla?

Jaime Altuna: Hemen hori ez dugu zehazki aztertu, eta hori esatea igual gehiegi ausartzea da. Baina, oro har, umeen artean, 6-7 urtetik aurrera asko zabaltzen da haien lagun ingurua, eta horrek, Bilbo bezalako toki batean, adibidez, esan nahi du euskaratik urrutiago dauden haur gehiagorekin harremanetan izatea. Eta familiara ere iristen da hori. 

Beraz, 6-7 urterekin, Lehen Hezkuntzako hastapenetan...

Jaime Altuna: Bai, baina egia da ikusi dugula kasuistika oso handia izaten dela, familiaren beraren barnekoa askotan. Esan izan digute: «Lehenengoak 11 urtera arte euskaraz egiten zuen lagunartean, eta gero aldatu egin zuten. Bigarrena 6 urterekin ja gaztelaniaz ari da». Hor elementu asko sartzen dira...

Haurren adina aintzat hartu behar da. Eta gurasoena? Bilbon egin duzuen ikerketa honetan hainbat gurasok esan dute, adibidez, «politizatuak» zirela beren gaztaroko garaiak, baita hizkuntzarekiko atxikimendua ere, eta orain erruz aldatu dela guztia. Belaunaldi berrietako gazteak guraso diren heinean asko aldatuko da haien jarrera?

Jaime Altuna: Hori izan daiteke berariaz ikertzeko puntu inportante bat. Bada gauza bat elkarrizketetan agertu dena. Guraso askok esan digute: «Gaur egun, jendea ez da hain militantea, ez dago hain presente euskararen aldeko militantzia hori», eta horrek eragina duela. Niri gustatuko litzaidake aztertzea; ez naiz ausartzen ezer esaten. Askotan badugu joera atzetik datozenei leporatzeko halakoak eta bestelakoak... Baina seguruenera badago elementu objektibo bat; izan ere, orain guraso izango direnek euskara jaso dute eskolatik beste modu batean... Guk elkarrizketatu ditugun guraso askok gaztetan ikasi zuten; erabaki kontziente bat izan zen haientzat. Horrelakoak gutxi egongo dira hurrengo belaunaldietan. 

«Egia da askok esan dutela: 'Hizkuntza lehen ez zen komunikatzeko tresna bakarrik: zerbait gehiago zen, eta hori falta da gaur egun'»

OLATZ ALTUNA Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea

Olatz Altuna: Interesgarria da. Baina egia da askok esan dutela hori: «Hizkuntza lehen ez zen komunikatzeko tresna bakarrik: zerbait gehiago zen, eta hori falta da gaur egun». Baina gero hori esaten dutenek zera esaten dizute: «Guk, gaztetan, dena gaztelaniaz egiten genuen». Beraz, bazegoen kontzientzia hori, baina gero esaten ari zaizkizu dena gaztelaniaz egiten zutela. Kontraesan horiek ere hor daude.

Ikerketaren ondorioetako bat aurrez ere ondo egiaztatuta dago: aisialdia euskalduntzen ez bada, oso zaila da dena, ezta?

Jaime Altuna: Bai, asko aipatu dute gurasoek horren beharra. Modu positiboan ikusten da zer ondo baloratzen dituzten euskaraz eskaintzen diren gauzak. Ikus-entzunezkoen arloan, adibidez, gutxi dago, baina ondo baloratzen dituzte: Go!azen, Irabazi arte... Ikusten da euskarazko eskaintza emanez gero gurasoek era positiboan hartzen dutela. Musikan ere, adibidez: ETS, Zetak... Talde ezagunenak asko aipatzen dira, eta baloratzen dira. 

Olatz Altuna: Eta egongo dira familiak ez dutenak inolako loturarik izango euskararekin. Hori hala da, eta esan egin behar da. Baina ikusi dugu badirela familiak euskaraz bizi nahi dutenak, eta beraien moduak bilatzen dituzte.

Euskaraz bizi nahi dute. Baina guraso askoren helburu behinena da haurrek ezagutza izatea, ezta? Hori bermatzea: gaitasun hori.

Jaime Altuna: Bai, motibazio instrumental hori ere oso argi agertzen da: gurasoek nahi dute haurrek euskaraz jakitea. Egitearena, zenbaitetan, ez da hain inportantea. Hori ere badago. 

«Oso ondo baloratzen dituzte euskaraz eskaintzen diren gauzak. Ikus-entzunezkoen arloan, adibidez, gutxi dago, baina ondo baloratzen dituzte: 'Goazen', 'Irabazi arte'...»

JAIME ALTUNA Gizarte antropologoa
Urte askotan eskolan jarri da euskalduntzearen gaineko esperantza, nagusiki. Gero eta argiago dago, ordea, eskolak bakarrik ezin duela. Gurasoak, oro har, jabetzen dira horretaz? 

Olatz Altuna: Garai batean baino kontzientzia handiagoa dago horretan: eskolak bakarrik ezin du. Gainera, paradoxa bat gertatzen da, zeren eta guraso askorentzat eskola bada irla bat, euskara presente dagoen eremu bat, baina, aldi berean, testigantzak jaso ditugu kontatzen dutenak: «Etxean euskaraz, eta koskortu ahala, eskolatik ez zaigu ba hasi gaztelaniaz hitz egiten...». Hori ere badago. 

Estrategiak aipatu dituzue: etxean euskara ahalik eta gehien erabiltzeko bideak bilatzen dituzte familiek, eta euskarazko hezkuntza eta aisialdia nahi dituzte haurrentzat. Zer beste bide erabiltzen dituzte, Bilboren gisako eremu erdaldunetan, euskararen tokia handitu nahi duten sendiek?

Jaime Altuna: Sareak sortzeko garaian ere konturatu gara familia askok hizkuntzari erreparatzen diotela. Zer gurasorekin elkartu, zer familiarekin. Hor ikusi dugu familia batzuek garrantzia ematen diotela hizkuntzari. 

Olatz Altuna: Nahiko identifikatuta daude euskaraz ari diren familiak, eta estrategia garbi bat da taldetxo horietan sartzeko ahalegina egitea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.