Askatasunaren Flotilla: «Badakigu arriskua dagoela itsasoan garenean guri eraso egiteko, baina zerbait egin behar dugu»

Euskal Herrian gelditu ondoren, Askatasunaren Flotillako kideak portuz portu joango dira Gazarantz, «genozidioa ezkutuan gera ez dadin». Aurrez ere bidaia bera egindakoak dira eskifaiako kide batzuk, eta Israelgo soldaduen torturak salatu dituzte.

Askatasunaren Flotillako kideak eta Euskal Herriko eragileak gaurko agerraldian, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Askatasunaren Flotillako kideak eta Euskal Herriko eragileak gaurko agerraldian, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilbo
2026ko irailaren 7a
16:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Genozidioa salatzeko nabigatzen dugu». Zapatuan heldu zen Kate izeneko itsasontzia Bilboko Itsasmuseum pareko moilara, eta bihar jarraituko du Gazara bidean. Geldialdiak egingo ditu Vigon (Galizia), Lisboan, Malagan (Espainia) eta Sizilian (Italia). Gizartea mobilizatu nahi dute geldialdi horien bidez, eta palestinarren egoeraren berri ere zabaldu nahi dute. Izan ere, tripulazioko kideen ustez, oraindik ere beharrezkoa da Gazaren egoera erakustea eta gobernuei presioa egitea. Itsasontzian bertan eman dituzte azalpenak, gaur, eta, adierazi dutenez, helmuga Gaza dute, eta helburu, haren aldeko mugimendua sortzea.

Badakite bidaia arriskutsua dela, baina aurrera egin behar dela uste dute. Frank Romano, adibidez, orain dela bi urte ere izan zen orduko Askatasunaren Flotillaren parte, eta Bilbon egon da egunotan, bere bizipenak kontatzen. Abokatu eta irakaslea da Parisko Unibertsitatean, eta lehen aldi hartan Bartzelonatik irten zen itsasontzian joan zela gogoratu du. Israelgo soldaduek torturatu eta jo egin zutela kontatu du; baina ez du beldurrik berriz ere saiatzeko. «Soldadu israeldarrek mehatxu egin didate, berriz joanez gero hiru urteko kartzela zigorra izango dudala esanez». Hala ere, berriro igo da itsasontzira. Haren ustez, beharrezkoa baita Gazan oraindik genozidioa bere hartan dela erakustea. Eta badaki itsasontzian bidaia egitea eraginkorra izan daitekeela. «Azken misioaren ostean ikusi dugu jendeak enpatia handiagoa duela Palestinarekiko».

«Soldadu israeldarrek mehatxatu egin didate, berriz joanez gero hiru urteko kartzela zigorra izango dudala esanez»

FRANK ROMANO Kate itsasontziko eskifaiako kidea

Elisabeth Murrayk AEBetako Gobernuan egin du lan 27 urtez, eta bera ere Romanorekin batera abiatuko da Gazara oraingoan. Erretiratua dago, eta oraindik borrokan jarraitu behar duela uste du: «Estatubatuarra naizenez eta gure gobernuak genozidioa babesten duenez, uste dut erantzukizun berezia daukadala».

Murrayren arabera, genozidioa prentsatik desagerrarazi nahi du AEBetako Gobernuak; horregatik, eskertu egiten du hedabideek egoeraren berri ematea. «Asko pozten naiz kazetariak hemen daudelako», esan du. Hala ere, uste du are gehiago egin litekeela: «Asko gustatuko litzaidake prentsa Gazara edo Palestinara joaten saiatzea, ikusteko zer gertatzen ari den; jada ez da horren inguruan hitz egiten».

Gaza gaur egun

Sandra Barriladoren arabera ere, beharrezkoa da mobilizatzea. Rumbo a Gaza egitasmoko kide eta bozeramailea da, eta, dioenez, Gazako jendea oso egoera txarrean bizi da. «Ez dago janaririk, medikuntzarako materialik, urik, ezta elektrizitaterik ere», azaldu du. Hala ere, nabarmendu du eurak ez direla laguntza humanitarioa: «Guk nabigatu egiten dugu genozidioa, garbiketa etnikoa eta okupazioa salatzeko».

«Hiru urte daramatzagu kalera ateratzen eta gobernuei Israel geldiarazteko eskatzen, baina ez dute halakorik egiten»

SANDRA BARRILADO Rumbo a Gazako bozeramailea

Gobernuak estutzea da bidaiaren beste helburuetako bat. «Gobernuek dituzte Israel geldiarazteko tresnak, baina ez dute ezer egiten», salatu du Barriladok. Horregatik, tematu beharra dagoela uste du: «Hiru urte daramatzagu kalera ateratzen eta gobernuei Israel geldiarazteko eskatzen, baina ez dute halakorik egiten». Arriskuak arrisku aurrera egiteko erabakia hartua dutela dio. «Badakigu arriskua dagoela nazioarteko uretan edo Europako uretan guri eraso egiteko, bahitu egingo gaituztela eta tratu txarrak jasango ditugula», esan du: «Baina zerbait egin behar dugu».

Bihar itsasoratuko dira Bilbotik, baina egunotan hainbat elkartasun keinu ere jaso dituzte bertan. Harrera egin zieten igandean, esaterako. Portugalete eta Getxo lotzen dituen Bizkaiko Zubiaren bi ertzetan egin zieten harrera, aurreskua ere dantzatu zieten moilan, eta hitzaldiak eta kontzertuak ere egin dituzte. Euskal Herrian jasotako erantzun beroa eskertu dute, horregatik: «Ongietorri oso hunkigarri eta polita izan da».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA