Bagoaz-ek ekainaren 16an Baionan eginen den manifestaldira deitu du

Ion Parot, Frederic Haranburu 'Txistor', Jakes Esnal, eta Unai Parot baldintzapean aske utz ditzatela eskatzeko antolatu dute mobilizazioa

Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Ekainaren 16rako manifestaldira deitu du Bagoaz mugimenduak. Baionan izanen da, 17:00etan abiatuko da, Laugatik, eta Ion Parot, Frederic Haranburu Txistor, Jakes Esnal eta Unai Parot baldintzapean aske uzteko eskatuko dute. 28 urte daramatzate laurek Frantziako eta Espainiako estatuen kartzeletan preso, Euskal Herritik urrunduak.

Bagoaz-eko Emili Martinek oroitarazi du baldintzapean aske uzteko orain arte eginiko eskaera guztiak ezeztatu dizkietela lau presoei, «nahiz eta beren kondena bete duten eta gizarteratze txosten onak aurkeztu dituzten». Salatu du, halaber, baldintzapeko askatasunak aztertzeko epeak biziki luzeak direla: «Kasik bi urte erabaki bat izateko». Bagoaz-eko kidearen erranetan, epaileek eta prokuradoreek baldintzapekoak ukatzeko erabili dituzten argudio juridikoen atzean erabaki politiko bat dago, «argi eta garbi».

Martinek oroitarazi du 2018ko maiatzaren 4an Kanboko Arnaga Etxean (Lapurdi) eginiko adierazpenetik kasik hilabete pasatu dela, eta testuingurua aldatu dela: «ETAren argumentuak ez du balio, eta, erabiliz gero, agerian geratuko litzateke justiziaren borondate txarra». Justiziak «bere rola bete» dezala eskatu du Bagoaz-eko kideak. Azpimarratu du euskal gizartea elkarbizitzaren alde ari dela, eta ez dutela erabaki «absurdorik» onartuko. «Arnagan nazioarteko ordezkariek azpimarratu zuten bake prozesuak ezin zuela aurrera egin presoen gaia tratatu gabe. Azken hilabeteetan hamabi hurbilketa izan dira. Oso ongi da hori, baina ez da aski. Fiteago, pauso gehiago behar dira», azpimarratu du Bagoaz-eko bozeramaileak.

Serbielleren auzia

Parisko Auzitegiak, berriz, atzo jakinarazi zituen Peio Serbielle, Robert Arricau, Maryse Lavier eta Didier Arricauren zigorrak: hiru eta bost urte artekoak. Guztiak aske dira gaur egun, eta, jada presondegian pasatu duten denbora kontuan harturik, inork ez du kartzelara itzuli beharrik.

Serbielle bost urtera kondenatu dute, horietatik 42 hilabete gibelapenezko espetxe zigorrarekin; Robert Arricau, beste bost urtera, lau urteko gibelapenezko zigorrarekin; Lavier, lau urtera, 42 hilabeteko gibelapenezkoarekin; eta Didier Arricauri hiru urteko gibelapenezko zigorra ezarri diote. Horrez gain, epaitegiak 2.500 euroko isuna jarri die Lavier, Didier Arricau eta Serbielleri.

Auzia bertan behera uzteko eskatu zuen defentsak, prozedurak hamalau urte iraun duenez «zentzuzko epea» pasatu dela argudiatuz. Horretarako, Jean François Blanco abokatuak argudiatu zuen akusazioak ez duela errespetatu Frantziako Estatuak Giza Eskubideen Europako Ituneko seigarren artikulua. Olivier Dabin prokuradorea aurka agertu zen, «terrorismoari» lotutako delituen kasuan preskribatzea hogei urtekoa dela argudiatuz.

1999tik 2004an atxilotu zituzten arte, ETAko Marixol Iparragirre Anboto eta Mikel Albisu Antza ETAko kideak laguntzea eta aterpetzea leporatu diete. Epaiaren arabera, Serbielle eta Robert Arricauren bitartez lortu zuten Salies-de-Bearnen (Okzitania) etxe bat, Didier Arricau eta Maryse Lavierek alokatutakoa. Iparragirre eta Albisuren atxiloketekin loturik, Frantziako eta Espainiako poliziek 21 lagun atxilotu zituzten ondoko asteetan. 2010ean epaitu zituzten gehienak. Jean-François Lefort Lof 2004aren hondarrean atxilotu zuten. Haren auzia artxibatu dute, eta momentuko prokuradoreak ez du helegiterik jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.