EH Baik deituta, mobilizazioa egin dute gaur iluntzean Ziburun (Lapurdi). Herritar batzuk batu dira herri horretako biribilgunean AEBek Venezuelaren aurka egindako erasoa salatzeko. Batetik, Venezuelako herriari elkartasuna adierazi diote, eta, bestetik, inperialismoaren eta kanpoko esku hartzearen kontrako aldarria plazaratu dute. Ezkerreko koalizio subiranista horren iritziz, Venezuelan gertatzen ari dena oso kezkagarria eta larria da, «batez ere nazioartean faxismoa eta autoritarismoa indartzen ari diren une honetan», eta herritarren zein nazioarteko komunitatearen aldetik erantzun zabala behar du. Hori dela eta, Baionan hainbat alderdi eta mugimenduk Suprefeturaren aitzinean deitu duten mobilizazioan ere parte hartzeko deia egin du EH Baik.
Ohar batean azaldu duenez, «Estatu Batuek, Venezuelako subiranotasuna ez ezik, nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen Gutuna ere urratu dituzte». EH Bairen ustez, Donald Trump AEBetako presidentea eta, oro har, eskuin muturra «araurik gabeko mundu bat indartu nahian ari dira, non boteretsuek, milioidunek eta inperialistek soilik irabaziko duten». Mugimendu politiko horrek salatu duenez, petrolioa eskuratzeko interesek gidatu dute Venezuelaren aurkako eraso «onartezin» hori, eta ohartarazi du Karibeko herrialde hori ez dela inperialisten helmuga bakarra: «AEBek jadanik Kolonbia, Kuba eta Groenlandia mehatxatu dituzte».
EH Baik nabarmendu duenez, gertakari «onartezin» hau beste kapitulu bat baino ez da: azken hilabeteetan Ameriketako Estatu Batuak eta hango presidente Donald Trump areagotzen ari diren ofentsiba inperialistaren beste kapitulu bat. «Hego Ameriketako historiako garai ilunetan bezala, AEBek kontinente osoko erregimen politikoak bere kontrolpean nahi dituzte, eta mota guzietako eraso eta presioak egiten ari dira horretarako». Venezuelaren kontrako eraso militar honekin esku hartzeko estrategia horretan koska bat gora egin dutela salatu dute: «Ofentsiba honen helburua zera da, Venezuelako eta eskualdeko aberastasun naturalen gaineko sarbidea izatea eta kontrol zorrotza lortzea, eta baita Latinoamerikako eta Karibeko gobernuak beldurtzea eta azpiratzea ere».
Macronen jarrerarekin kritiko
Hori dela eta, EH Bairen ustean, «nazioarteko komunitateak aho batez salatu behar luke gertakari onartezin hau». Alta, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen jarrera kontrako bidetik joan dela eta, hura kritikatu dute: «Nazioarteko zuzenbidea defendatu beharrean, eraso militarra babestu eta zuritu du, berriz ere Ameriketako Estatu Batuekiko menpekotasuna agerian utzita».
Hori ikusita, EH Baik gogorarazi du herri guztien burujabetza defendatzen duela eta, beraz, Venezuelako herriari soilik dagokiola bere etorkizunaren inguruan erabakitzea. Horrekin lotutako eskaera batzuk egin ditu: «Eraso militarraren etetea, Nicolas Maduro presidentearen eta Cilia Flores haren emaztearen askatzea eta nazioarteko zuzenbidearen errespetatzea galdegiten ditugu».