Baionako Atalante zinema zaharra okupatu du Ipar Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak

Baionako Herriko Etxearena da eraikina, eta hutsik egon da bortz urtez. «Sistema kapitalistaren logikatik kanpo eta haren kontra antolatzeko» tokia izanen da.

Atalante zinema zaharraren okupazioa, asteazken goiz honetan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko irailaren 3a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako Atalante zinema zaharra okupatu du asteazken goiz honetan Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Baionako Herriko Etxearena da eraikina, eta badu bost urte hutsik dagoela. «Antolakuntza politikorako leku bat behar dugu, beste logika baten baitan antolatuak diren eskaintza kulturalak zein politikoak izateko», erran dute.

Datozen egunetarako egitarau bat prestatu dutela aurreratu dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Eraikin hori okupatzeak «instituzioetatik kanpo autonomoki eta independenteki» antolatzeko aukera ematen diela azaldu du Lur Renteria Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideak: «Sistema kapitalistaren logikatik kanpo eta haren kontra antolatzeko».

Baionan eta Ipar Euskal Herrian biziki ezaguna da Atalante zinema zaharra. Sortzaile filmak hedatzeaz gain, mugimendu militantearen topaleku izan da urteetan, eta mota anitzetako elkartasun gaualdiak antolatu izan dituzte. Azken urteetan, Lesseps kaira mugitua da zinema. 

Egoitza zaharra biziarazteko proiektu bat adostu zuten duela bost urte, Baionako Herriko Etxearen eta hainbat pertsona ezagunek osatutako elkartean artean —horien artean zen, besteak beste, Jean Noel Etxeberri Txetx—, baina ez dute sekula abian eman. Orain, EHKSk hartu du bere gain, behin-behinean.

Biztanleei gonbita

«Gure auzoko toki bat esplotazio kapitalistaren mekanismoetatik askatzeko erabakia hartu dugu», adierazi diete EHKSko kideek San Espiritu auzoko biztanleei, ohar batean. «Askapen hori eta ondorengo okupazio antolatua ekintza logikoa, legitimoa eta sozialki bidezkoa da». 

Klase burgesaren mesederako «metaketa kapitalista» salatu dute, eta auzoan etxebizitzaren prezioa izaten ari den gorakadarekin lotu. «Langile prekarizatuenak Baionako periferiara baztertuak izaten ari dira». 

Baionako Herriko Etxeari ere egin diote kritika, «administratuei zuzendutako demokrazia parte hartzailearen proposamenak» gaitzetsirik. «Inoiz ez zaie proposatzen langileei modu autonomoan erabakitzea hutsik diren eraikinak zertarako erabili».

Aste baterako egitaraua

EHKSko kideek aste osorako egitaraua proposatu dute Atalante zaharrean. Iragarri dute hitzaldiak izanen direla, poesia errezitalak, bakarrizketak eta arte erakusketa bat, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.